Ai Tasio, Tasio Erkizia



Aurrekoan Berrian zuk idatzitako artikulu bat -euskararen egoerari buruzkoa- irakurri nuen, eta, zenbait gaitan ñabardurak jarriko nizkiokeen arren, gustatu zitzaidan. Aitortu behar arlo horretan lan ikaragarria dugula egiteko, eta denon indarrak pilatuta ere ez garela iritsiko.

Gaur eguerdian ere entzun zaitut irratiz, eta defraudatu egin nauzu zeharo. Hara ze esan duzun guxi gora-behera: Zapaterok ez lukeela egin behar 80ko urteetan F. Gonzálezek eta PSOEk egin zutena, izan ere, orduan PSOE guztiz atera zen galtzaile eta ezker abertzalea eta Euskal Herria indarberrituta eta irabazle. Horixe esan duzu Tasio, eta seguruenik ez zara gorritu ere egin. Zu abertzale zintzoa zara, euskaltzale petoa, eta sofritu ere asko sofritutakoa zara. Baina ezin da hori esan.

Jarraitu

Laurogeiko urteetan funtsean gauza bat gertatzen zen: ETAk ehunda pertsona erailtzen zituela, eta PSOEko milicotxoek hamarka. Heriotza kopurua zerbaiten adierazgarri bada, aitortu behar ETA txapeldun puntakoa dela. Eta horretan irabazle atera zineten. Eta erailtze ahalmen izugarri horri esker izan zenuten aprobetxatu gabeko Argeleko aukera. Harrez geroztik egoera aldatu egin zitzaizuen arras.

PSOEren ordez PP jarri zen, eta beldurrik gabe erabili zituen Estatuko estamentuak zuen kontra. Herria (Euskal Herriko gehiengo absolutoa ere bai) guztiz kontra zenuten, eta horrek guztiz erraztu zizkion kontuak PPri. Poliziaren, epaileen, Kongresuaren eta frantsesen lanak ezeresean utzi zintuzten, ezerez miserablean. Etikoki eta legalki gaizki jardungo zuten, baina une horretako egoerak (New Yorkeko atentatua) aukera ematen zion PPri horretarako. Madrileko atentatuek PSOE boterera eraman zuten arte.

Eta zuk deitoratzen duzun PSOEk eman dizue, berriro ere, arnasa apur bat. Bizirik irauteko zirriktu bat eskaini dizue. Hauteskundeetara aurkezteko aukera izan duzue (PPrekin ez zen horrela izango). Armen kontua negoziatzeko bidea opatu dizue. Eta inportanteena, PNVri bere nagusitza lehiatzeko ametsak ere izan dituzue. Baina garaipen aparrak ito zaituzte eta usteak ustel atera zaizkizue. Uste zenuten ETAren bidez arroputz ager zintezketela Madrilen aurrean, konturatu barik (ez dut ulertzen nola!) ez duzuela horretarako indarrik.

Gaur egun eskaintzen dizuen apurra onartu beharra duzue. Tasio, ETAren beste erailketa batek hamabost urterako desagertaraziko zaituzte. Hemen, zuk esandakoaren justu kontra, PSOE atera da indartsu, eta zuek zaudete oso makal. Indar neurketa egoki barik ez dago jarrera errealik, eta ondorio bakarra du horrek: frakasoa. Zuek igarri.

2 Comentarios:

Blogger Unknown dijo...

El último visitante anónimo "quiso" decir:

Beste blog bat Euskadiko politikari buruz?

Hau aspertzea...

inoiz arte


Hasta cuando quieras...

30 mayo, 2005 15:28  
Blogger E.Gorospe "Biturie" dijo...

Blog hau ez da politikari buruzkoa bakarrik. Gai sozialak, ekonomikoak eta ideologikoak ere aztertzenditu. Orain artean behintzat errespetuz aritu izan garela uste dut.

Nik ez deritzot politikaz hitz egiten duten blogen inflazioa dagoenik. Bai dagoela puztuegia Euskal Herriko GAIAri buruz hitz egiten dutenen kopurua.

Gure artean edonork bota dezake bere iritzia, aurrekoarekiko begirunez eta norbere iritziak gura den moduan garatuz.

Beraz, gurekin jarraitzeko gonbita egiten dizut berriro, oraindik ere irakurtzen bagaituzu.

31 mayo, 2005 23:48  

Publicar un comentario

<< Home