Juan Mari Jauregiren alargun Maixabeli



Nekeak jota nago gaueko ordu hauetan, Maixabel. Aurrekoan Pilarri idatzi nion, haserre azaldu baitzen Zapatero ETArekin negoziatzeko prest agertu delako. Eta entzun dut zeozer zutaz ere, zeuk ere Espainiako presidenteari idatzi diozula, bide horretatik jarrai dezan eskatuz. Nola diren kontuak Maixabel! Biok ala biok ere inguru berekoak zarete, alderdi berean izan dituzue hildakoak eta minaren zartada ere neurri beretsuan jasango zenuten, seguru asko.

Hala ere, ez duzue jarrera berbera erakutsi ireki den egoera berri honen aurrean. Pilarrek gogor salatu zuen PSEko buru Patxi López, EHAK-ko ordezkariak hartu zituelako; eta zuk, ostera, gogotsu txalotu duzu Zapatero. Ni zurekin nago Maixabel, baina niri ez didate inor erail familian, ez eta inguruan ere. Bai, baditut ondoan sofriu eta sofritzen dutenak (ertzainak, alkate-kontzejalak, ..), baditudan moduan astero Murtziara joaten direnak, bertan kartzelaratutako euren semea ordubete ikustera.

Jarraitu


Egia esan, ez dut uste balantzan neurri berean jar daitezkeenik batzuen eta besteen sofrimeneduak. Semea edo senarra betirako galdu duzuenok mila bider ere onartuko zenukete astero Moskuraino joan beharra ere, han zuonak bizirik ikusteko aukera izango bazenute. Besteek, ordea, asko sofritu arren euren semea astero ordubetez ikutu eta gozatzeko aukera pare-gabea dute. Horregatik legoke oreka faltara balantza.

Guzti horrekin ere txalotu egin duzu Zapatero, animoak emanez aurrera jarraitu dezan. Eskertzen dizugu kemena, ausardia eta kuraia. Ez Pilar baino errukiorragoa edo bihozberagoa zarelako, ez; gai arantzatsu hau hotzean hartzeko kapaz izan zarelako baizik. Ez baita erraza, ez baita erraza.

Eskerrik asko, Maixabel, eta betira arte.