Azkarate andrea, Kultura sailburua


Miren Azcarate
Lehendakariak berriro ere kofiantza jarri du zugan eta Kultura sailburu izateko birraukeratu zaitu. Ez dut datu gehiegirik zure gestioa osotasunean baloratu eta eztabaidatzeko. Bada, ordea, arlo bat ezagutzen dudana: hizkuntza politika.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ez du funtzionatu zu sailburu egon zaren bitartean. Labur esanda, honako hau esango nuke: frakaso hutsa izan da. Hor jarri dituzun karguek (baten salbuespenaz) gaizki egin dute, eta horren ondorioak herritar guztiok jasaten ditugu.
Continuar
Egoera hori iraultzea zure eskuetan dago, zuri baitagokizu arduradun berriak (hala bedi!!) aukeratzea eta lan-ildo nagusiei on-iritzia ematea. Zure Sailak eta EAJk berak (badakit ez zarela militantea) dena oinarritzen du ezagutzaren makro-zifretan: ez dakit zenbatek ikasi duten euskaraz, sail horretako % 60 euskalduna da eta horrelakoak. Eta prentsaurrekoak ematen dituzue egindakoak puzteko eta zilborra arrotzeko.

Egia borobila Miren beste bat da: euskara ez da erabiltzen, ezagutzen duenak ez du euskararik egiten. Eta ez du egiten inork ez diolako exigitzen euskaraz egitea, bakarrik eskatzen zaio HE jakin bat lanpostu-maila altuagoa lortzeko, diru gehiago irabazteko Administrazioan.

Hortaz Miren, eta amaitzeko, zera: alda itzazu Hizkuntza Politikako arduradunak, ez dutelako asmatu eta behar-beharrezkoa delako Sailburuordetza horrek beste bide bat hartzea. Eta hori ezin da egin orain arteko idiekin.

Zorte on, Miren.