J.L. Alvarez Enparantza "Txilardegi", iratzar zeu ere!!


Nire asmoa gaurkoan, honantzarakoan Berria erosi aurretik, bizi oneko nire lagun bati buruz idaztea zen. Txilardegik aldatu egin dit haria. Egunkari horretan, gogoeta">Iratzar titulupean, artikulua idatzi du, zeina modu honetan hasten baitu:

"Arana-Goiri oinarritzat harturik ari dela dioen Alderdiak, Independentziaren beharra isekatzen duenean, eta Euskal Estatua anakronikotzat salatzen; eta, horren ordez, Espainia barruan kokapen egoki bat proposatzen duenean («nuestra meta es una solución tal que los vascos nos sintamos cómodos en España», gogoratzen zarete?), iratzarri egin behar dugu denok"

Eta honela amaitu:

"Ezker abertzaleak (ofizialak eta besteak) pausoa emana du. EA zalantza nabarmenean dago, ezinbestezko urratsak zenbait ikaraturik. PNV barruan oraindik dauden abertzaleek (baldin badaude) orain dute mementoa «aski da» esateko .Aski baita. Eta sobera ere bai."
Osorik irakurri

Soziolinguistika duzunean idatzitakoaren muina zure aldeko porrokatua nauzu. Txilardegista ere deitzen naute batzuk. Gai politikoak jorratzen dituzunean ordea, penaz bestean tinko ere badiotsut ez nagoela, sarri, zuk esandakoarekin konforme. Oraingoan ere ez. Duela urte mordoa PNVren harra sartu zitzaizun kaskezurrean, eta orduz geroztik atera ezinik zabiltza; eta okerrena: horrexekin hilobiratuko zara. Eta ez da zilegia ez eta zuzena ere.

PNVk urteetan izan duen jarreraz zer esanik badago; are zer esan gehiago legoke, ordea, aspaldiko partez zure gune politikoa den -eta izan den- ezker abertzaleaz. Izan ere, Txilardegi, Imanol Gómez ETAkidea abertzale eta euskaltzaletzat jo duzuenean, egun bere ezaugarririk nagusiena aipatzea ahaztu zaizu, alegia, ideia politikoengatik hiltzeko presto zegoen mutilarena. Ez da txantxetako kontua hori, ez. Badakit, hala ere, mundu horretatik dexente aldendu zarela, baina alde bien (PNV-ETA) arteko ekidistantzia orekatu beharrean zaudela iruditzen zait.

Ehun urteren ostean PNVk ezin izan dio ihes egin bere arima bikoitzari. Eta gerora ere ezingo dio leporik eman. Baina zuen ezker abertzaleak ere ez; eta zeu zara horren lekukorik adierazgarriena. Lekuz aldatu eta Aralar alderdian kokatu zarenean traidoretzat hartu zaitu I. Gómez hildakoaren taldexka/erakundeak. Traidorea zu ere, P. Zabaleta bezala. Eta jakina, sokari segida eman beharrean ikusi duzu zeure burua eta beste norbaitengan jarri duzu jopuntua. Eta horretarako ez dago ezer hoberik PNV baino. Zuretzat, Aznarrentzat, Alfonso Guerrarentzat, Rodriguez Ibarrarentzat eta beste hainbatentzat PNV da dianarik egokiena.

Nik ez dut dudarik egiten zu abertzalea zarenik. Ez ausardiak, ez eta tripek ere ez naute horrenbestera behartuko. Ez horixe. Hala ere, nire abertzale kondizio zalantzan jarri duzunez, azal iezaidazu toki xume honetara iristerik baduzu bederen, azal iezadazu, diñot, zertan bereizten dituzun horrenbestean J. Egibar eta A. Ezenarro legebiltzarkideak, zertan horrenbeste X. Arzalluz eta P. Zabaleta politikoak. Eskertuko nizuke euren arteko senblantza, eskertuko nukeen moduan euren arteko solasaldi jendaurrekoa. Seguru naiz, tontokeria batzuetatik aparte, bat datozela funtsean.

EA eta horiek aipatzen dituzu, Txilardegi. Esan ere egitea. Ausarta zara gero. EAren nondik norakoak inork baino hobeto dakizkigu. Eta gauza bera esatea dago gaur bizi duten egoeraz. Eta zuk badakizu, guk bezain ondo, nahiko eta lar ere badutela, zuek bezala, biziraute hutsarekin, ez baita hori ere zeregin makala eguneroko zurrunbiloan.

Merezi duzun eta zorrean dizudan begirune eta miresmenez agurtzen zaitut. Ia beti txalotu zaitut, Txilardegi; hala bedi aurrerantzean ere. Baina jakizu txip anti-PNV itsua jartzen duzun bakoitzean aurrean izango nauzula. Beste kontu bat izanen da, ordea, gai honetaz modu arrazionalagoan edo zentzun gehiagoz eztabaidatzeko prest agertzen bazara.