Patxi Zabaleta persona non grata


Oroimen gutxikoa naiz, Patxi. Ez dut ahazteko, hala ere, duela 27 urte lehenengo bider Iruñara iritsi gineneko eguna. Ni eta herriko beste batek zure bulegoko (gaur ere bertan duzu) atea jo genuen iluntze aldera. Oker ez banago auto-stop eginda heldu ginen egun bero hartan. Guk Patxi Zabaletaren bulegora abiatzeko aholkua jasota genuen.

Zuk, orduko hartan, hogeitamar bat urte izango zenituen eta guk hamazortzi. Altsasuko Mahaiko ordezkaririk behinetarikoa zinen, I. Aldekoarekin-eta batera. Zerk erakarrita azaldu ginen galdetu zenigunean, guk LAIAkoak ginela erantzun genizun. LAIA: Langile Abertzale Irautzaileen Alderdia; bai berba potoloak, denak ere!
Jarraitu

Bi urte eman nituen Iruñan eta bertako alkate egin zintugun ia-ia. Ez genuen lortu, baina garai hartako Herri Batasunak eserlekurik gehien lortu zituen udal hauteskudeetan, 1979koetan, oker ez banago.

Nik mundu guzti hura utzi eta alde egin nuen. Konturatu nintzen burbujaren barrutik era batera somatzen zirela gauzak, eta guztiz beste modu batera burbujatik kanpo. Muturreko bi errealitate ziren, zeharo antagonikoak, baina elkarren ondoan bizi zirenak. Batetik besterako trabesia, zer esanik ere ez, luzea eta arantzaz betea zen.

Ixil-ixilik atera eta zirkuitu jakin batzuetatik kanpo egiten baduzu zure bizia, ez dago arazorik. Baina alboko bidea aukeratu eta nabarmendu egiten bazara, gorriak dituzu ikusteko. Yoyesek eman zion hasiera tragikoa, gero ez modu hain tragikoan- segida izan duten kasuei. Kasu ezagunak dira Montero, Esnaola, Soares Gamboa, Aldekoa, Pakito, eta zu Patxi, zu, euskaltzaina, euskal idazlea, euskaltzale amorratua eta abertzale integrala. Zu ere, Patxi, persona non grata eta “ezker abertzalearen etsai handien” izendatu zaituzte. Bostehunen batek zure aldeko izenpea jarri omen dute. Ez dakit, ordea, zuk asko konpartitzen duzun inguru horren presio latza astintzeko balioko dizun.

Eskerrak eman nahi dizkizut, Patxi, harrera hain ona egin eta Iruñako ateak ireki zenizkigulako, eta zure jarrera politiko zintzoari ondo doakion testua jarriko dut hemen, Argiako Mikel Asurmendik atondo dizun elkarrizketatik ateratakoa:

Niretzat eta ni bezalako askorentzat, HBren errua ezker abertzalea independentista eta soilik politikoa eratzeko ahalegina beranduegi saiatu izana da. Berandutuz joan da jarrerak barrutik aldatuko genituela sinesten genuelako, behin eta berriro huts egin dugu ordea. Egia da ETAk su-etenak eman dituela, baina beti ere egitura politiko-militarraren abangoardiak berea duen izateko moduan, hau da, autokritikarik egin gabe. ETAk ez du oraindik egin 1998ko su-etena hautsi izanaren autokritika. (….) Haatik, ETAk Estatua baldintzatzeko eta lurraldetasuna eskuratzeko ahalmen militarra izango balu ere, abertzale demokrata garenok ezingo genuke berau onartu.”

Eutsi goiari Patxi, eta zorte on, beharko duk eta!!