Euskarak ez du diskurtso gehiagorik behar


Inazio Deunaren egunarekin batera EBBko buru Josu Jon Imaz jendaurrean agertu zen Bilboko Albia Lorategian. Diskurtsoaren atal batzuez asko jardun da komunikabideetan eta, seguruenik, norbanakoen artean ere bai. Bada zati bat, ordea, zeinari buruz ezer gutxi entzun baitiot inori: euskara.
Osorik irakurri

EAJk ehun urte bete ditu arestian. Horietatik hogeita bost Jaurlaritzaren Gobernua bere eskuetan dituela eman ditu. Denbora nahiko da gizaldi laurden hori, jorratutakoaren gainean hausnarketa egiteko. Nik, berriro ere, euskararen gaia hartuko dut jomuga legetxe.

Imazek esan zuen: "Euskara denon premian dago eta, batez ere, euskarak gehienbat behar duena zera da: erabilia izatea. Horregatik, euskara behar dugu edozein azpijoko eta bazterkeriatatik jagon. Eta, zer esanik ez, baita edozein erasotatik salbu ere. Eta behar dugu etenik gabe saiatu, era bateko zein besteko irizpide ezberdinen gainetik, euskal hiritar guztiok euskara denok kultura-ondaretzat geureganatu dezagun”

Benetan politak hitzak, xarmangarriak, Imaz jauna. Jazotzen da ze izugarri urruti gaudela elebitasun egiazko horretara iristeko. Gertatzen da ze Kultura Sailean bertan gehien entzuten den hizkuntza erdara dela. Zuek zeuok ere gaztelania erabiltzen duzue EBBko bileretan, horrek aspaldi gaindituta egon beharko zukeenean alderdi abertzale baten. Jazotzen da ze Jaurlaritzaren Kontseilu guztiak erdara hutsean egiten direla, nahiz eta, hori bai!, aldez aurretik paper guztiak euskarara itzultzeko agindua ematen duten, itxura behintzat salbatzeko.

Gertatzen da, J.J. Imaz, berba berak entzuten urte pila daramatzagula, baina eredugarri izan beharko luketenek ez dutela garbi jokatzen. Alegia: hitz erakargarriak erabiltzen dituena, proposamen onuragarriak egiten dituena eta lege-dekretu-agindu eta gainerakoak ateratzen dituena bera ere behartuta dagoela gainerakoentzat nahi duena lehenengo berak betetzera. Eta hor dugu koska, Imaz jauna. Besteei eskatzeko, norberak bete behar du. Eta horretan (….)

Esan zenuen, halaber: “Gaur, 2005eko uztailaren 31n, 1895ean baino nazio osatuagoa gara. Gure hizkuntza, duela ehun eta hamar urte atzera egiten bazuen ere nekazal munduan baztertuta geratzeko arriskuarekin, indarberriturik dago eta euskararen hiztun-kopurua egunero handitzen doa. Egunez egun euskarak eta euskal kulturak prestigio soziala irabazten dute eta gaur egun, irratian, telebistan, prentsa idatzian eta interneten komunikazio-bide eta emaitza dira, aldi berean”

Nazio osatuagoa garen edo ez beste gai bat da, eta ez dut ikutuko. Gure gaurko egoera dela ehun eta hamar urtekoa baino hobea dela esatea askotxo iruditzen zait, batik bat argudio legetxe euskara nekazal mundura baztertuta zegoela esaten duzuenean. Hara, 1890ean populazioaren % 80 herri txikietan bizi zen. Ez hori bakarrik, herri horietariko askotan euskaraz baino ez ziren bizi herritarrak. Gaur egun herririk txikienean gaztelania nagusi zaio euskarari, nahiz eta populazioaren % 80 euskalduna izan.

Egunez egun prestigio soziala irabazten dugula esatea ere gehiegikeria iruditzen zait. Gaur, aitortu ere egin behar, euskara aintzat hartzen da; eta ez da gutxi. Prestigioa, ostera, beste kontu bat da. Goian dagoen hizkuntzak du prestigioa; agintariek erabiltzen duten hizkuntzak. Kirolari ospetsu, katedratiko izendun eta modelo lirainek erabiltzen duten hizkuntzak du prestigioa. Gaztelaniak eta frantsesak dute prestigioa gurean, nabarmena denez. Euskara, Imaz, oso gutxik erabiltzen dugu gure eguneroko zereginetan. Oso gutxik, eta osperik gabekoek.

Hiru proposamen egingo dizkizut, zerbaitekin hastearren, euskararen mesederako:

1.- Jendaurrean egin ditzazun diskurtsoetatik lehenengo zatia euskarazkoa izan dadila.

2.- Ez, sekula, euskaraz esan duzuna gaztelaniaz errepikatu. Hizkuntza bakoitza beregaina izan dadila.

3.- Sai zaietez zure agintepean dauden erakundeetan euskaraz egiten, euskara prestigioz erabiltzen. Ez dadila izan “egun on” eta “agur” esateko bakarrik. Jendeak sentitu dezala euskara ikasi beharra, EBBko lehendakariak ere euskaraz egiten duelako. Ez dut uste hori diskriminazioa denik.


Horrela jarduten baduzu, zurekin izango nauzu.