Klimatologoen ehiza AEBetan


BartonHorra Ameriketako Estatu Batuetako politikari kontserbatzaileen eta zientziaren arteko gerraren azken atala. Zientzialariak izutzeko asmoa leporatu diete George Bushen aliatuei, klima aldaketa aztertu duten itzal handiko hiru ikertzaile Kongresuaren mikroskopiopean jarri dituztelako. 1950eko hamarkadan McCarthy kongresukideak komunisten aurka hasitako sorgin ehizarekin konparatu dute egoera AEBetako hedabideetan.

Joe Barton da ikerketaren bultzatzailea. Kongresuko Energia eta Merkataritza Batzordeko presidentea da Barton. Texaskoa da eta lotura estuak ditu petrolio konpainiekin. Klima aldaketaren aurkako lege ororen aurka agertu da azken 11 urteotan, batzordeko presidentziatik. Eskutitz bana bidali die Bartonek hiru zientzialariri: Michael Mann Pennsylvaniako unibertsitate publikoko ikertzaileari, Massachusettsko Unibertsitateko Raymond Bradleyri eta Arizonako Unibertsitateko Malcolm Hughesi. Gutunean, ibilbide profesionala hasi zutenetik eginiko lan guztien berri emateko agintzen diete zientzialarioi, jasotako diru laguntza ororen eta datuak biltzeko izan dituzten prozeduren berri tartean. Bartonen batzordeak datuak ikusi nahi dituela esan du, zientzialarion «lanaren egiatasuna aztertzeko» Kongresuak datuotan oinarrituta erabakiak hartu aurretik.

Informazio gehiago Berrian.