Testu liburuak nork ordaindu?


Liburuak
Txontxu Campos Hezkuntza sailburuak erabilitako zenbait gaik bazterrak astindu dituzte udaren ostean. Bat izan da astrapalarik gehien atera duena: testu-liburuen doakotasuna.

Liburuen doakotasunaz esandakoan ez zaio arrazoirik falta sailburuari, hiprokresiaz haratago. Beti bezala, isilik egon behar zutenek gehien hitz egin dute. Diru-arazorik gutxien dutenek gehien kexatu dira. Giza-jardun hori, zenbat eta hedatuago, hainbat eta ulertezinagoa da.

Continuar

Gizarteko zenbait sektorek ez du ezalango arazorik haurren liburuak ordaintzeko. Gertatzen da, ordea, ahalegin ekonomiko hori egitea ez dugula nahi, beste mila gastu-iturri zaizkigulako presakoagoak: oporrak, jantziak, bigarren etxebizitza, haurren kapritxo guztiak (….). Jakina, guzti horri aurre egiteko nahitaezkoa zaigu nonbaitetik xoxak ateratzea.

Nire argudioek erantzun erraza daukate. Gehientsuenek pentsa dezakete, eta aurpegiratu ere egingo didate gizartean baudela sektoreak, oso ugariak gainera, hilaren amaierara ozta-ozta iristen direnak euren soldatarekin; eta beste asko ezin iritsita dabiltzanak. Arrazoi guztia dute, ondo baino hobeto frogatuta gelditu den moduan aurrezki kutxek EAEko pobreziaz egin duten txostenean.

Sektore behartsuenei lagundu egin behar zaio, karitatearekin baino zerbait gehiagorekin. Baina ni ez naiz ari horietaz, ordaintzeko nahiko diru dutenez baizik.