Bakean eta gerran: justizia eta euskara


Luis bandres unanuek berrian argitaratutako artikulutik.

Orain dela egun batzuk nire lagun batek Euskadiko epaitegi batean deklaratu behar zuen. Euskaraz hasi zen, baina epaileak ezagutzen ez zuenez, itzultzaile baten laguntza eskatu zuen. Nire lagunak, orduan, erantzunak eta gainontzeko paperak zein hizkuntzetan erabiliko ziren galdetu zuen eta erantzuna, pentsa dezakegun bezala, erdaraz izango zela esan zioten. Orduan, nire lagunak erdaraz hitz egitera behartuta zegoela esan zien; aldez aurretik, beste antzerako egoeretan euskaraz aritu eta itzultzaileak bere lana egin ondoren, berak zuzendu behar izan zuen itzulpena, zeren, nahiz eta borondate hoberenarekin ere, dakigun bezala traduttore traditore eta gauzak ez daude jolasteko, arlo honetan, behintzat.

Seguir leyendo.

Nire iritziz, herri baten justizia-sistema ez da justua izango baldin eta sistema horretan aritzen diren langileak ez badira gai beren lanak bertako hizkuntzaz aurrera eramateko eta hiritarrek eskatzen dieten bezala aritzeko. Zer esan hizkuntza horrek ofizialtasunaren maila badauka.

Nik askotan Suitzako egoerari begiratzen diot, ... Herri horretan gertatzen dena zera da: Justiziako funtzionarioak hiritarren zerbitzutan daudela eta ez alderantziz; honela, Genevan jaiotako funtzionario batek Zurichen lan egin nahi badu aldez aurretik alemana ikasi behar du.

Dirudienez, espainiar funtzionarioen artean gaztelera ez den beste hizkuntza bat ikastea ezintasun metafisikoa da, justiziakoen artean, behintzat. Zer esan gaztelera ez den hizkuntza hori euskara bada?

Lerro hauek Al servicio de la Justicia en tiempo de guerra tolosarra zen German M. Iñurrategiren liburu zoragarria irakurri ondoren idazten ditut...

Liburu horretan gertaera asko agertzen dira, nik bat ekarri nahi dut hona, ... honela idatzi zuen Iñurrategik: «menospreciado [euskara, noski] en las actuaciones de los tribunales, juzgados y, en general, en todas las dependencias oficiales... Gobierno tras gobierno... todos estaban identificados por su empeño en no querer comprender el arraigo... a su idioma (de parte) del pueblo vasco». (Parentesi artekoa nirea da, sorry)...

Getaria, ilunabarra, bi anaia, Patxi eta Iñaki, eguna arrantzan igaro ondoren, kaira iritsi eta bertan beren familiakoa den Zeziliokin egiten dute topo. Hasten dira eztabaidatzen, gaia beren txalupak atrakatzeko tokia, eta Zezilio eta Iñaki hitzetatik eskuetara pasatzen dira. Lehenengoa bestea baino askoz handiagoa zenez, laster bota zuen Iñaki lurrera, eta bere onetik aterata, lurrean zegoena jarraitu nahi zuen astintzen eta jipoitzen, Patxik, anaia arriskua ikaragarrian zegoela ikustean, tolet bat hartuz, Zeziliori egin zion, bai eta hau zauritu ere. Zoritxarrez egindako zauriak okerrera egin eta handik gutxira Zezilio hil egin zen.

Berehala justizia hasi zen bere lanarekin. Paperak gertatu ondoren, juizioari hasiera eman zitzaion, pentsa dezakezuen bezala guzti hau erdara hutsean. Fiskalak egindakoa hilketa bezala kalifikatu zuen eta aringarri batzuk ikusten zituen: senidetasuna, itsualdia eta haserrealdia, eta zortzi urteko kartzela-zigorra eskatu zuen. Akusazio partikularrak, berriz, asasinatze bezala kalifikatu zuen eta ez zuen inongo aringarririk ikusten, beraz, hogeita hiru urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen. Errepublikar Alderdiak (Zezilio alderdi honen kidea zen eta) beste akusazio partikularra egin zuen eta, asasinatze bezala kontsideratu eta gero aringarriak baino astungarriak bazeudela defendatu zuen eta hogeita hamar urteko zigorra eskatu (garai hartan ez zegoen heriotza-zigorrik eta). Defentsa, berriz, Ignazio Usandizaga donostiar abokatuak egin zuen, honek anaiaren bizitzaren defentsa legitimoa eta itsualdiaren aringarriak argudiatuz, Patxiren askatasuna eskatu zuen. Guzti hau foroan erabiltzen den gaztelera ponposoan egin zen, noski. Foroan bertan beren aurrean gertatzen zena begiratzen zinpeko popularreko zortzi lagunak zeuden adi adi. Hauek, zortzi pertsona apolitiko, erdara ia ez zekiten.

Erruztatuak, ahal izan zuen bezala, deklarazioak erdaraz egin zituen eta galderak ia guztiak monosilaboz erantzun zituen, gaztelera gehiago ez zekien eta. Akusazioak eta defentsa erdara loretsuan aritu ziren, zinpekoek ez dute ia ezer ulertzen. Bukatu ondoren juezak zinpekoei galdera-orria eman zien, bertan defentsaren eta akusazioen tesiak eta dagozkien galderak zeudelarik. Zinpekoak elkartu ziren eztabaidatzeko. Salara itzuli eta epaimahaiko presidenteak erantzunak irakurtzen ditu: «si» akusazioek egindakoei, «si» defendatzaileak egindakoei. Iñurrategik idazten duen bezala: «Ez zegoen aukerarik. Astungarrien pisuak aringarrienak ezabatzen zituen» eta Patxiri hogeita hamar urteko zigorra jarri zitzaion. Salan daudenek ez dute gertatutakoa ulertzen, baina zinpekoek gutxiago, eta zeharo harrituta gelditu ziren, epaimahaira oldartu ziren esanez «ez», guk ez dugu Patxi kondenatu nahi, ez dakigu erdaraz eta «si» jartzerakoan Patxiri arrazoia ematen zitzaiola pentsatu dugu. Hau zuzendu behar da....

Baina «justizia» benetako justiziaren gainetik dago eta prozedura pertsonen gainetik. Zinpekoen nahiz defentsaren eskaerek ez zuten ezer lortu: juizioa itxita zegoen. Herri osoa Patxiren alde altxatu zen, prozesua birbegiratzea eskatu zen, alferrik, Justiziaren ministroarenganaino joan zen, berdin; bitartean, egunek eta hilabeteek aurrera jarraitzen zuten eta Patxi kartzelan. Azkenik, protestak eta ezinegonak hain handi izan ziren non Gobernuak amore eman behar izan zuen eta Patxiri beste epaiketa bat egin zitzaion; zinpekoak elebidunak ziren (epaiketa erdaraz egin zen, noski) eta erruztatua libre gelditu zen.

Eta guzti hau zergatik gertatu zen? Epaiketan herriaren hizkuntza, hots, Patxik eta zinpekoek ezagutzen, erabiltzen eta hitz egiten zuten bertako hizkuntza, euskara, erabili ez zelako; hobeto esan, justizia saileko juezak, fiskalak eta gainontzekoek, euskara ez zekitenez, gai ez zirelako Euskadin justizia egiteko. Hau orain dela mende erdi bat baino pixka bat gehiago gertatutakoa da, eta orain zer?

2 Comentarios:

Anonymous Anónimo dijo...

Eta otain zer?

Orain ondo.

Garai hartan baino askoz asimilatuago baikaude, hortaz, epaile, nahiz abokatu nahiz kazetariek ez lukete estuasunik jasan beharko, epaiketan leudekeen arloteak (akusatu nahiz zinpeko nahiz ikusle) elebidunak izango litateke-eta, baita Getarian ere. Ze, orain ere, ondo dakigun bezala, funtzionario eta ez-funtzionario asko, Euskal Herrian bi diren espainiar gehienak eta euskal herritar asko, euskara ikasteko ezintasun metafisikoak jota baitaude, edo kaleko erdara garbian esanda... no se les pone en los mismísimos.

22 noviembre, 2005 09:25  
Blogger E.Gorospe "Biturie" dijo...

Bandres jauna, ni ez nau mintzen Espainiako botere judizialaren jokaerak. Arduratu egingo nau, gehienera ere. Ni, baina, bertako jarrerek izorratzen naute.

Atzerritar batengan ez dut itxaropenik, eta, gainera, badakit nola jokatuko duen. Bertokoak, ordea, nazionaltzat jotzen ditut, neureetarikoak bailiran hartzen ditut. Eta hauek mintzen naute.

Adibidez: zu zeu sailburu izan zinen Kultura Sailean, gaur egun, 2006an, euskara arrotza da, Epaitegietan bezalaxe. Hori bai dela iraingarria.

EBBko burukide ere izan zinen, oker ez banago. Orduan, eta gaur ere, EBBko batzarrak gaztelaniaz egiten dira.

Legebiltzarreko EAJren talde parlamentarioaren bilerak denak dira gaztelaniaz; besteak beste, Rubalcaba koordinatzale jaunak ez dakielako euskararik.

Epaitegietakoak arduratzen nau, bai horixe. Baina jokaera bera etxe barruan ikusten dudanean, mindu egiten nau.

22 noviembre, 2005 12:57  

Publicar un comentario

<< Home