Eusko Legebiltzarrean euskaldunok lekurik bai?


'Eusko' Legebiltzarrean euskara artikulu bakarrean kabitzen da.

(Nahikari Aio eta Zigor Isuskiza Aralarreko hizkuntza politikako lan taldeko kideak, berrian).

Eusko Legebiltzarraren barne-arautegiari euskararen normalizazioaren ikuspegitik begiratuta, ezer gutxi aurkituko dugu bertan. Izan ere, arautegiaren artikulu bakarrean aipatzen da euskara, 2.ean, hain zuzen ere. Hauxe dio artikulu horrek: «Euskara eta gaztelania dira Parlamento Vasco-Eusko Legebiltzarreko hizkuntza ofizialak. Legebiltzarraren argitalpenak bi hizkuntzetan egingo dira».

Segi irakurtzen

Hizkuntza bien ofizialtasunaren aldarrikapen formal hutsa baino ez da; Gernikako Estatutuan onartutakoa Legebiltzarrera eramatea, ez besterik. Deus gutxi da hori euskararen erabilera normala eta diskriminaziorik gabekoa EAEko erakunde parlamentario nagusian bermatu ahal izateko. Esperientziaz badakigu horrelako aldarrikapenen hutsek, atzetik hizkuntza-politika zehatzik ez badute, desideratum hutsean gelditzeko arrisku itzela dutela. Bestela esanda, Legebiltzarrarekin harremanetan jartzen diren euskaldunek, nahiz bertan lan egiten dutenek, euskaraz normaltasunez aritzeko bermerik ez dutela, hots, euskal hiztunen aukera-berdintasuna urratzeko aukera handiak daudela.

Gaztelaniadunak Eusko Legebiltzarrean inongo arazorik gabe erdaraz aritu ahal izango duela bermatua du; euskaldunak, euskal hiztunak, oztopoz betetako bide bati ekingo dio, aitzitik.

Eusko Legebiltzarraren barne-arautegian berritzeari ekin zaion honetan, euskararen normalizazioari dagokion lekua ematea ezinbestekoa dela uste dugu. Helburu horrekin zuzenketa multzo bat prestatu dugu. Horien guztien helburua da Legebiltzarrera hurbiltzen den herritarrari zein bertan lanean diharduten langile eta parlamentariei euskaraz normaltasunez, erraztasunez eta diskriminaziorik pairatu gabe jardun eta lan egiteko aukera bermatzea, alegia, aurrerantzean bigarren mailako hiritar gisa hartuak ez direla izango, alegia.

Abiatzeko, 2. artikuluaren erredakzioa zeharo aldatzea proposatu dugu; horra: «Euskara eta gaztelania dira Eusko Legebiltzarreko hizkuntza ofizialak. Alabaina, euskarak, EAEko berezko hizkuntza izanik, lehentasunezko estatusa izango du Eusko Legebiltzarraren barne-jardueran zein kanpo-erabileran eta horrela izan dadin beharrezko neurri, mekanismo eta politikak abian jarriko dira». Euskarari aitortzen zaion lehentasunezko estatus horretan dago proposamenaren oinarria. Arrazoi horrexegatik, erakundeak Emakunde, Osakidetza edo Euskal Telebistak bezala, Legebiltzarrak ere, izen bakarra izatea proposatu dugu: Eusko Legebiltzarra.

Era berean, Legebiltzarraren mahaia osatzen duten legebiltzarkideak EAEko bi hizkuntza ofizialetan normaltasunez aritzeko gai izatea baldintza izatea eskatzen dugu, bestela ez baitago bermatzerik euskaraz normaltasunez aritu ahal izatea, eta praktikan gaztelania izango litzateke lan hizkuntza bakarra, orain arte bezalatsu.

Gauza jakina da, beharrezkoa dela berariazko plangintza bat erakundeetan hizkuntzaren normalizazioa eraginkortasunez bultzatu eta bermatu nahi bada. Xedapen gehigarri batean sartu dugu eskaria: «Euskarak lehentasunezko estatusa izanik eta egun bizi duen diglosia-egoera gainditzeko berariazko neurriak hartzea beharrezkoa da. Hori dela eta, Eusko Legebiltzarrak bere jardunean hizkuntza ofizial biak normaltasunez usatu ahal izateko, euskararen erabilera normalizatzeko eta lan-hizkuntza ere izan dadin, plan bat abian jarriko du non zehaztuko diren inplementatu beharreko neurriak, mekanismoak eta politikak arrazoizko epe batean helburua lortzeko». Plangintza hori arautegia indarrean sartu eta urte bete pasatu baino lehenago Osoko Bilkura batean onar dadin eskatzen dugu beste xedapen gehigarri baten bidez.

Honako zuzenketen bidez bermatu nahi dugu Eusko Legebiltzarrean hiritarrek, bertako langileek eta legebiltzarkideek euskaraz beren harremanak izateko eta lan egiteko duten eskubidea aukera praktiko bihur dadin; ez aldarrikapen sinboliko hutsa eginez, baizik eta testu artikulatuari zuzenketa artikulatuak eginez, eztabaida zuzena eta praktikoa bideratzeko asmoz.Arautegiaren eztabaida hasiko da laster. Orduan ikusiko dugu gainerako alderdiek euskararen normalizazioaren alorrean benetan, ustezko asmo ederrez haratago, noraino iritsi nahi duten Legebiltzarrean.

Eta euskaldunok, euskal hiztunok, Euskal Herrian bigarren mailako hiritar izateari utziko badiogu, Eusko Legebiltzarrak eta ondotik beste herri-erakunde guztiek bidea erakutsi beharko diote gizarteari; ala alderantziz izan beharko du?