Krudelkeriak


"Ezkondua, 17 eta 14 urteko bi semeren aita, eta 44 urte zituen. 1981eko urriaren 23ko eguerdian, kafea hartzen zegoen Iriondo tabernan, egunero egiten zuen bezala. Bat-batean pistoladun bat sartu eta tiro egin zion. Horrelaxe hil zuten Jaime Arrese, 1974tik 1977ra Elgoibarko alkate izandakoa.

Komando Autonomo Antikapitalistek hartu zuten bere gain atentatua eta
25 urte geroago, Elgoibarko Ezker Abertzaleak azalpena eman du: herriak aukeratu ez zuen alkate "frankista" eta "faxista" izan zen Arrese.
Seguir leyendo

Ez zaie gustatu hilketaren urteurrenean Barren herri astekariak argitaratutako erreportajea, eta interpretazio "errebisionisten" arriskua ikusita, esplikazio partikularra eman dute astekarira bidalitako gutun batean, garai haiek bizi ez zituztenei bereziki zuzendua, behar bezalako ikuspegi historikoa izan dezaten."

"Badirudi norbait erantzule sentitzen dela, eta burua zuritze aldera azalpenak eman beharra daukala. Horrela, gerra itxurako komunikatua idatzi dute, Arreseri ez ezik, Barreneko kazetariei ere egurra emanez erreportaje "errebisionista" egiteagatik. Alkate izandakoa gogoratzea ere deseroso egiten zaie batzuei, eta gezurrak eta irainak bota dituzte bere kontra. Mezularia ere errudun, gustuko ez duten gaia aukeratzeagatik eta ikusi nahi ez duten errealitatea begien bistan ipintzeagatik, Arrese estimu handikoa zela, alegia.

Ezjakintasunak edo, hobeto esanda, itsukeriak, huts eginarazi die bete-betean. Arrese Elgoibarko alkate izan zen garaian, Jose Luis Elkoro Ezker Abertzaleko militante historikoa alkate zen Bergaran, eta Imanol Murua, Zarautzen, bi adibide ipintzearren.

Frankismoan alkate izateak ez zuen esan nahi derrigorrez diktadurarekin bat etortzea. Alkate abertzaleak eta demokraziaren aldekoak ere izan ziren, bai hemen eta bai Espainian. Tonto samar sentitzen naiz esplikaziook ematen, baina eman behar, zoritxarrez.

Alkate "frankista" eta "faxista" izan zela diote, eta nik, nahiz eta orduan umea izan, ondo gogoratzen dut hilketak herrian sortu zuen atsekabea. Pertsona maitatua eta errespetatua izan zen Arrese, euskararen, euskal kulturaren eta ikastolen defendatzailea. UCDkoa zen (Unión de Centro Democrático), horixe bere kulpa, eta Komando Autonomo Antikapitalistek heriotzera kondenatu zuten.

Jarrera prepotentea alde batera laga eta mundu itxitik aterako balira eta galdetuko balute kalean, azkar konturatuko lirateke ze mingarriak diren berba horiek, ze kalte egiten duten eta ze urruti dauden gehienon sentimenduetatik. Familiak eta lagunek izan duten sufrimendua gutxi ez, eta 25 urte joan eta gero, berriz kondenatu dute Arrese. Ondo ezagutzen dut familia, sekula ez diet gorrotozko hitzik entzun, eta niri hori beti egin zait deigarri. 25 urteren buruan, zigorra berriz ere beraientzat. Batzuen krudelkeria beldurtzeko modukoa da.

Gutunak Ezker Abertzalearen sinadura dauka, nahiz eta abertzale eta ezkertiar asko bat ez etorri, eta lotsa sentitu dute, eta haserrea ere bai seguruenik. Baina beste batzuetan bezala, alderdi gehienetan gertatzen den antzera, isilpean gelditu dira esan beharrekoak, sinesgarritasunaren eta osasunaren kaltetan.

Maiuskulaz idatzitako historiaz gain, badira milaka historia txiki, gatazka politikoaren harian gehiago edo gutxiago guztiok edo ia denok bizi izan ditugunak. Denok sufritu dugu, denok sentitu gintezke biktima. Baina aurrera egin nahi izanez gero, elkar ulertu eta konpontzeko prest bagaude, horrelako jokaera bihozgabeak soberan daude. Kalean ez ezik, gatazka bihotz barru-barruan badago, adiskidetzea ez da posible. Bakea hitzak desarmatzea eskatzen du. Armak isilduta ere, berbekin min galanta egin daiteke, eta Arresetarrei egin diete, eta gupidarik gabe gainera. Horrela gaizki gabiltza. Beti bezala
."

Aitor Zabaletak Argia astekarian idatzitako artikulua.

1 Comentarios:

Anonymous Anónimo dijo...

Esanda dago ia guztia; ezer gutxi gehi dakioke.
Gauza bat bai. Bakeaz horrenbeste hitz egiten duten batzuek, bakea zer den ere ez dakitela. Beren bakeak (ere) beldurra eragiten duela. Diot.

31 enero, 2006 08:25  

Publicar un comentario

<< Home