El Correo, El País, Gara, Berria eta gainerakoak


Guzti horiek omen dira PNVren kontrakoak; guztiok izorratu nahi omen dute EAJ. Ez dut nik hori ukatuko. Aitortu behar, hala ere, definitu egin beharko dela zer den izorratzea. Nik eta beste askok, alderdikideak izanik, Berria erosten dugu. Beste ehunka alderdikidek El Correo eta El Diario Vasco erosten dute egunero. Zaindu itzazue, egun batez, Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Aldundiko karguak ia zein egunkari irakurtzen duten, zein daramaten eskupean edo izkutuan lanlekura. Alderdiko beste milaka batzuk Arabatik bezalako internet-guneen berri ere badute. Alderdikide edo alderdi-zale askok, gainera, euskal aldizkariak erosi eta irakurtzen ditugu; beste hainbatek -aurrekoak baino gehiagok- gaztelaniazko aldizkari espainolak erosi eta irakurtzen dituzten moduan. Denak balio al du neurri berean? Ez al du merezi horrek nolabaiteko hierarkia?
Seguir leyendo

Komunikazio estrategiaren beharraz jardun izan da EBBko burua. Horren premian gaude; hori nabarmena da. Estrategia horretan, zein egunkari da garrantzitsuagoa? alegia: zein irakurle motarengana iristea komeni zaigu? Argi dago El Correo, El País eta El Diario Vasco erosten duten alderdikideek eta alderdizaleek ezaugarri ideologiko jakin batzuk dituztela. Beste horrenbeste esan dezakegu Gara, Berria edo Argia erosten dutenez. Azken garai honetan albo-karga itzela dago, gurdiak alde batera egiten du nabarmen, askoz gehiago lantzen baita eremu espainiarra euskal esparrua baino, bai prentsan, bai irratian, bai telebistan . Ia beti, gainera, pertsona jakin batzuek lantzen dute. Ez al da orekatu behar gurdia Alderdiaren interesengatik? Aipatu komunikabideetatik zeinek tratatzen gaitu hobeto?

Lizarrako Hitzarmenaren ondoren Alderdiak milaka boto jaso zituen sektore abertzale eta euskaltzaleetatik, eta halaxe nabaritu zen 2001eko hauteskundeetan. Gaur egun sektore horiek guztiak edo -guztiak ez badira- gehienak alde egin digute beste bazka-leku batzuetara, eta halaxe nabaritu da 2005eko hauteskundeetan. Bidenabar, gaur arte behintzat, ez dugu ia ezer lortu eskuinaren (PP) edo espainolismoaren (PSOE) esku galdutako esparruetatik. Ez al du horrek hausnarketarik merezi?

Gainerako komunikabideei dagokienez (gurea ere halakoa izango da), esan JJ Imaz erratuta ez bada, kontraesanean dabilela, nire uste apalean. Duela urte erdi berak animatu eta bultzatu zituen alderdikideak komunikazioko teknologia-baliabide berriak erabiltzera. Besterik da, ordea, mundu horretako bezeroak edo erabiltzaileak aldekoak edo kontrakoak izatea. Horrek ez luke, aitzitik, aldarazi behar orduko iritzia.