Hau da Ertzantza? Hau da lotsa!


Olatz Berriojalbiz

Ze justifikazio dauka Olatz Berrojalbiz-i emandako tratu iraingarriak? Euskaraz egiteagatik atxilotua izana ez da kontu berria gure herrian. Frankismoarekin jarri zen modan, pikoloen eskutik, eta ertzain batzuek heldu egin diote ohiturari. Ertzantzaren ardura dutenek (ez duenak, dutenek baizik) azalpenen bat eman beharko dute.

Eta batez ere, neurriren bat hartu beharko dute.

Jarraian Olatz Berrojalbiz-ek egindako salaketa.
Seguir leyendo

"Isilik egon naiz hilabete osoan, gertaerak barneratzeko ahaleginetan, baina badaude irentsi ezin daitezkeen egoerak eta hona natorkizue. Pasadizoa luzea da eta zerrenda zoro bihurtzeko arriskua badut ere, labur kontatu nahi dut. Izan ere, hau bezain sinplea dena baino ez dut plazaratu nahi: Ertzaintzari euskaraz egiteko eskatu niolako atxilotu ninduten.

Otsailaren 18an Bilboko Zazpikaleetako metro geltokian bertako langilearekin tirabira izan ondoren honek Ertzaintza deitu zuen. Hauek erdaraz hasi zitzaizkidan, eta nik, mesedez, euskaraz egiteko esan nien. Orduan hasi zen kalbarioa! Agenteak «euskaraz badakit, baina zurekin ez dut hitz egingo», bota zigun... Kartera erakutsita, euskaraz eskatuz gero emango niola errepikatu nion, baina ez zidan begiratu ere egin. Orduan euskaraz hitz egin nahi zuen norbait bidal zezaten eskatu eta bost bat minutura uniforme beltzez jantzitako lau ertzain agertu ziren, eta euskara zekiten galdetu nienean inortxok ez zidan erantzun. Ez zetozen, antza, ni laguntzera... Pare bat minutura «Detenida!» esan, eta konturatu nintzenerako bultzaka ninderamaten eta euskaraz hitz egitea baino ez nuela nahi oihuka hasi nintzaienean, gorroto biziz, eskuburdinak jarri zizkidaten martxan gindoazela. Hori guztia sei ertzain handiren artean, ni metro eta erdi baino ez izanda... Gehiago nahasteko, ertzain euskaldunak belarrira «zu ez zara euskalduna» xuxurlatu zidan irribarretsu. Esaldia ulertzen dut, baina zentzua eta asmoa ez...

Bitartean, argazkiak atera zituen lekukoa lurrera bota zuten, argazki kamera (mugikorra) kendu eta nahi zutena ezabatu zioten. Behin polizia-etxera helduta, biluzarazi ninduten, argazkiak egin zizkidaten, hatz markak artxibatu eta ziega batean sartu. Abokatuari deitzeko telefono zenbakia eman nien, eta denbora aurrera zihoanez zaintzaileari deitu nion. Ea zer gertatzen zen, ea zergatik nengoen han, ea non nengoen, ea abokatua non zegoen... galdetuta, medikua ikusi nahi nuela ulertu zuen berak. Izan ere, ez zuen euskaraz hitz bakarra ulertzen, bertan egon ziren beste gehienak bezala. Salbuespena fitxa bete zuen sasieuskalduna eta ziegatik medikuarengana eraman nahi ninduena izan ziren. Gau hartan 18 bat ertzainekin izan nuen tratua.

Pare bat ordura goiko bulegoetara eraman ninduten, nire gauzak bueltatu zizkidaten eta sinatzeko paperak eman. Lehenengo dokumentua nire eskubideena zen. Erdaraz zegoen paper hark erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan deklara nezakeela esaten zuen... Hara! Nire eskubidea nire delitua... Nork ulertu! Hurrengo egunean epaitegira joan behar nuela esan zidaten, eta itzultzailerik beharko nuen galdetu zidatenean, ea zein hizkuntzatarako(!), bota zidan... Adarra jotzeko gogoarekin, zu!

Hurrengo egunean epaitegira etorri ez zirenak ertzainak izan ziren, eta martxoaren 8ra atzeratu zen epaiketa. Han entzundakoak ez ziren makalak izan: euskara pa' marear la perdiz erabiltzen nuela eta en mis trece jarraitzen omen nuen gainera (tematia izan ere banaiz)... Batek airean ninderamatela eta besteak, ordea, lasai asko lagundu nindutela atxiloketan, ez zuten gogoratzen eskuburdinak jarri zizkidaten... eskubideak bi hizkuntzetan irakurri omen zizkidaten, ni erdaraz ibili omen nintzen...Beraz, salatu beharrekoak asko dira eta Behatokira, Arartekora, Sailburuordetzara eta hedabideetara igorri ditut jada nire kexa-idatziak. Orain arduradun politikoek eta epaileak diotenaren zain nago, ni bainaiz akusatua! Ertzainek beren jarrera lotsabakoa erakutsi zuten, eta neuk ere eskertu behar diedan bakarra botijo gabe etorri izana da."