Akordioa eta kontsulta


Xabier Letonak Argia astekarian argitaratutako erreportaia da honako hau, non kazetariak ibilbide-orriaren amaieran arakatu baitu:

"Bake prozesuan dena ondo joanez gero, pentsatzekoa da bukaeran indar politiko nagusiek akordio politikoa lortuko dutela eta akordio hori herritarrei kontsultatuko zaiela. Eta akordiorik lortuko ez balitz? Zer egin orduan? Gehiengoak lotutako akordioa kontsultara eraman beharko litzateke ala ez? Gaurko begiekin ikusita, eragile politikoek bidegurutze horretan erantzungo luketena ikuskatzen saiatu gara.
Seguir leyendo

Lehenbiziko irakinaldia igaro ondoren, egoera politikoak bero jarraitzen du oraindik euskal politikan eta luzarorako izango da gainera. ETAk su-eten irankorra indarrean jarri ondoren bortizkeria politikoak hor jarraitzen du oraindik, estatuen bortizkeria gisa identifika daitekeena, eta nagusiki euskal presoengan islatzen dena. Batasunari eta Batasuneko kideei eragiten dien eskubide zibilen murrizketa ere hor dago. Gatazka politikoak ere bere horretan dirau. Kasu batean zein bestean, dena den, bi eremuotako arazoak gainditzeko oinarriak jartzen ari dira bakea eta normalizazio politikoa helburu dituen bake prozesu honetan. Edo beste hizkuntza batean esanda, Euskal Herrian bizi den gatazka bortitza eta gatazka politikoa gainditzeko zabaldu den prozesu politiko honetan. Edozein modutan, eta hori alde guztiek onartzen dute, bi arazo nagusi konpondu behar dira: batetik ETAk eta Espainiako Gobernuak bideratu behar dutena, preso, errepresaliatu eta desmilitarizazio kontuak; eta bestetik, gatazkaren muinean dagoen korapilo politikoa, nagusiki euskal alderdiek bideratu beharko dutena.

Irakurketa ugari egin daitezke gaurko egoerara zergatik eta nola iritsi garen horri buruz, eta alde bakoitzak berea egiten du. Hau da, eta hobeto ulertzeko, zergatik iritsi gara egungo egoerara: ETA garaitua izan delako, eta horrekin ENAMen eskema politiko osoa, edo hain zuzen ere ENAMek bere borroka gaurdaino ekartzea lortu duelako, eta une egokian borroka armatua era aproposenean alboratzea erabaki duelako? Erantzunak, jakina, era bateko edo besteko oinarriak jartzen ditu bakoitzak etorkizunari bere ikuspegitik heltzeko. Lehenago edo geroago halako eztabaida franko aterako dira, baina bitartean badira beste lehentasun ugari.

Bake prozesuaren ibilbide-orria

Dagoeneko argi geratu da Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta ETAk badutela halako ibilbide-orri adostua. Ez dakiguna da geraleku bakoitzaren -presoak, biktimak, desmilitarizazioa, Batasunaren jardun politikoa... - ezaugarriak nola zehaztu diren. Indar harremanen egoerak, entzundakoek eta irakurritakoek adierazten dute Espainiako Gobernuak egoera kontrolatzen duela eta PPren errendizio eskema totalitarioa baztertu duela, irtenbide duinari ateak irekiz.

Irtenbide duinaz ere asko jardun liteke, baina eragile politiko gehienek ulerten dutenaren arabera, gutxi gora behera Batasunak Anoetan egindako eskemak bildu ditzake irteera duinaren hasiera: ETAk eta Espainiako Gobernuak eurena konpondu, eta alderdi politikoek subjektuaren erabakiaren gaia. Baina zer litzateke duina erabaki subjektuari dagokionez? Ikuspegi abertzaletik Euskal Herriaren erabaki ahalmena, nahiz berau hiru zatitan banatu, gaur egun denek onartzen baitute erabaki gaitasun hori indarrean jartzekotan hori EAE, Nafarroa eta Iparraldea aintzat hartuta egin beharko litzatekeela. Kontua da zabaldu den prozesuan hori guardasol berean nola sartzen den eta horretarako zein formula juridiko erabiltzen den. Alderdi politikoek, azken finean, garai berrirako gutxieneko joko arauak finkatu eta adostu beharko dituzte, baina funtsean ibilbide-orriaren bukaeran gai hori dago: formula juridikoa eta berau gizarteari nola aurkezten zaion, honek berretsi dezan.

Prozesua hasi besterik ez da egin, eta tartean gertatuko dena ezin asmatuz, bukaera ikuskatzea ariketa ona izan liteke tarteko hori nola egituratu daitekeen irudikatzeko.

Kontsulta akordioarekin edo akordiorik gabe

Indar politikoen artean akordio sendo eta eraikitzailea lortzea, hori litzateke egokiena prozesu bukaerarako. Herritarrek baietsi edo txarresteko kontsultara eraman eta kito. Baina nola eta noiz egin kontsulta? Benetako akordioa lortuz gero, bigarren mailako arazoa litzateke, baina oso gertagarria da Nafarroan eta EAEn bakoitzaren izaera eta tempusa errespetatuko lukeen formularen pean egitea. EAEn hau guztia gaitza bada, zeresanik ez Nafarroan. UPN Gobernutik kanporatu barik ezinezkoa seguruenik. Eta Iparraldeko egoera oraindik korapilatsuagoa da, han bertako erakunderik ere ez dute eta.

Baina, eta eratzen diren mahaietan edo dena delako guneetan indar politikoen akordiorik ez balego? Batek daki hemendik hiruzpalau urtera indar harremanak nolakoak izango diren eta prozesuan gertatuko direnak nola aldaraziko dituzten alderdien gaur egungo posizioak. Baina ez da zaila irudikatzen halako eszenatoki batean EAJk hartuko lukeen zentraltasuna. Batasuna, EA, Aralar, ELA, LAB eta oro har, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu duten indar soberanistek herri kontsulta bultzatu beharko litzatekeela uste dute eta herritarrek erabaki dezatela. PSOEren ustez, akordiorik ezean ezin da kontsultarik bideratu. Beraz, pentsatzekoa da Madrilek zer jarrera izango lukeen.

Eta EAJk? Gaur gaurkoz zatitua dago aipatutako akordio ezaren eszenatokiaren aurrean. Josu Jon Imazek gidatzen duen zuzendaritzak ez luke begi onez ikusiko akordio ezaren aurrean kontsultara jotzea. Joseba Egibarrek gidatzen duen barne oposizioak, aldiz, egoki ikusiko luke akordio ezaren aurrean kontsultara jotzea. Eta Ibarretxe lehendakariak? Gaur, badirudi akordiorik gabe ere kontsulta egitearen aldekoa litzatekeela. 2008an berriztuko da berriz EAJko EBBa eta ordura arteko barne lehia gogorra antzeman liteke jeltzaleen artean.

EAJk zabaltzen den aro politiko berrirako iragan udazkenean ezagutzera emandako agirian zehazten zuenez, Gernikako Estatutuak bere garaian lortutakoa baino sostengu handiagoa beharko luke marko juridikoaren egungo edozein aldaketak. Abertzale eta ez abertzaleen arteko akordio transbertsalak goresten dira bertan, baina testuetan egindako interpretazioetan aipatu baldintzari ematen zaio zentralitatea.

Ondorengo datuak ezin dira erreferendum batean direnekin erkatu, izaera oso desberdineko bozketak direlako, baina agian balio dezakete pista eta ondorio batzuk ateratzeko: Gernikako Estatutua EAEko boto emaileen %53ko baietzarekin onartu zen -abstentzioa %40tik gorakoa izan zen eta bozkatu zutenen artean baiezkoa %90ekoa-. Ibarretxe Plana Eusko Legebiltzarraren botoen %52arekin onartu zen, baina Espainiako Kongresuak eztabaidarako ere ez zuen onartu. Onarpen eza hau argudiatzeko PSOEk arrazoitu zuen marko juridiko-politikoa aldatzeko oso gehiengo txikia zela %52ko hori. Eta argudio honen aurrean beste datu esanguratsu bat: Kataluniako Legebiltzarrak estatutu berriaren proposamena %90arekin atera zuen, eta honen bertsio murritza %54arekin onartu berri du Espainiako Kongresuak. Ibarretxe Planak baino bi puntu gehiago nahikoa izan dira oraingoan marko juridiko-politikoetan aldaketak bideratzeko.

Erreferentzia batzuk baino ez dira, beste ugari atera daitezke, baina denetan argi ikusten da EAJk urak batera ala bestera bideratzeko izango duen garrantzia. Ez da berria egoera, 1977an eta 1979an ere hala gertatu zen eta hala izatea ere normala da, kontuan hartzen badugu EAJ dela EAEko alderdi politiko handiena
.