Ezenarroren galderak


Zenbaitzuk isilik ez geratzea erabaki genuen duela hainbat urte, benetan sinesten dugulako herri honetako ezkertiar eta abertzaleok merezi dugula askatasun osoz ariko den eragile politikoa izatea.

Eta premia hau areagotu egiten zaigu ETAk gai politikoetan zeresana izan nahi duela gogorarazten digun bakoitzean edo beste batzuk gogorarazten digutenean. Azkena Gara egunkaria; haren arabera, ETAk gu guztion erabakitzeko eskubidea onartarazi dio Estatuari.
2006an horrelako gauzak irakurtzeak eragiten digun aluzinazioa alde batera utzita, hiru gogoeta/galdera airera:

Bat: Zergatik behar duzue euskal gizarteak hau sinestea? 46 urte luzez borroka armatua praktikatu ondoren, ia 1.000 hildako eta milaka iheslari eta preso sortu ondoren, ETA inoiz baino ahulagoa dagoenean, orain lortu du erakunde armatuak -eta berak bakarrik gainera- Estatuak inoiz onartu ez duen euskal herritarron erabakitzeko eskubidea. Hori bai, ez dakigu eskubide hori non eta nola jasotzen den, ez eta ordenamendu juridikoan nola txertatzen den. Dakiguna da ezker abertzale ofizialaren bertsioaren arabera, ezkutuko paperen batean bada ere, euskal herritarrok gure eskubide nazionalak lortuak omen ditugula. Baina bada Euskal Herrian hau sinestuko duen inor? Zergatik jarraitu norbere buruari gezurrak kontatuz eta autozentsura praktikatuz? Zergatik ez onartu gainontzeko guztiok ikusten duguna? Alegia, borroka armatuak ez duela zentzurik, ez duela balio gatazka politikoak konpontzeko -areagotzeko baizik- eta horrek eragindako sufrimenduarekin -biktimak, presoak- amaitzea dela bake-prozesuaren arrazoia?
Bi: Gertakizunen bertsio honek gainera, borroka politikoa desaktibatu nahi duela dirudi. Ez legoke autodeterminazioaren aldeko borrokan jarraitu beharrik -ezta politikoki ere- dagoeneko ETAk eskubide hau lortua izango lukeelako. Eta desaktibazio mezu horrek kezkatu egiten gaitu. Izan ere, ez al da orain inoiz baino gehiago indarrak bildu eta gure eskubideen alde modu bateratuan lan egiteko garaia?
Hiru: ETAk Estatuarekin adostu izan balu erabakitzeko eskubidea, zein paper geratuko litzaieke alderdi politikoei? Zertarako orduan alderdien mahaia? Aita santuen artean ustez adostutakoa bedeinkatzeko?

Etiquetas: , ,

1 Comentarios:

Anonymous Anónimo dijo...

Argia, zuzena eta garbia, aspaldi ez nuen horrelako analisi sinple eta "normala" irakurri, denok ulertzeko modukoa. Ze pena gehiago ezin zabaldu izatea eta lau katuk bakarrik irakurri ahal izatea. Askok buruan genuena, azkenean batek ozen esan du, errege biluziaren ipuinean bezala, haur batek esaten diola erregeari biluzik doala. Haur gehiago eta herritar ixil gutxiago beharko genituzke.

01 agosto, 2006 10:49  

Publicar un comentario

<< Home