Zer ikusi, hori ikasi


Betiko esaera zaharrak diño zer ikusi, hori ikasi, adierazi nahi baitu guraso eta umeen arteko harremanari aplikatuz, zure jarreretatik ikasiko dutela umeek. Edo beste hau zelango egurra, halango ezpala, alegia: umeak hezi egiten direla, baina jaio ere bai; berezko zer hori beti izango dutela aldean; zure izaeraren ondorio direla. Horrela ulertzen da "nolakoak ote dira gurasoak!" esatea halako umearen portaera negargarriaren aurrean. Adibiderik argiena maisu-maistrek erakusten dizute: "Umeekin hamar egun egin eta badakit zein giro duten etxean eta gurasoak nolakoak diren".

Ahalegin berezia egiten dut gure umeek euren nortasuna zerbaiten alde garatu dezaten, eta ez beti zeozeren aurka. Euren klaseetan, ikastolan, badira une oro “España, puaff, una mierda” mihingainean lotuta dutenak. Neska mutikook ez dira gai, sarri, Euskal Herriko zazpi lurraldeen izenak esateko. Heziketa mota hori etxeko lana da gehienbat, ez eskolakoa. Umeek inguruko beste ume batzuengandik jasoko dituzte zenbait ohitura eta jarrera. Gehientsuenak, ordea, etxean ikasten dituzte, gurasoengandik edo telebistatik. Gure esku dago gure seme-alabek, itxuraz gain, barrua gara dezaten.

Aurrekoan lankide bat etorri zitzaidan eskuetan galdera batzuk zituela “Jar egiezu zure umeei galdetegi hau” eskatu zidan. Umeek egunean zenbat telebista ikusten zuten galdetzen zen. Aukerak: ordu bat baino gutxiagotik bost ordu baino gehiagora. Nire seme Martinek harrituta erantzun zidan “aite, ez da egia izango egunean hiru ordu telebista ikusten duten umeak daudela!” Baietz erantzun nion. Bazirela ume asko, gehiegi ere bai, goizean esnatu eta telebistan jartzen zirenak; telebistaren aurrean eserita gozaltzen dutenak; eguerdian etxera iritsi eta telebista pizten dutenak edo, okerrago, piztuta aurkitzen dutenak; logelan telebista dutenak; sukaldean, egongelan (...). “Jo, aite, ze ondo!” erantzun zidan.

Arazoa ez da telebista, ezpabere ume horiek ez dutela denborarik gurasoekin egoteko, neba-arrebekin jolasteko eta etxean matrakan ibiltzeko. Gurean goizeko zazpi eta erdietan beti dago hiruetatik baten bat esnatuta eta bazterrak astintzen. Egia da ordu goiztiarretatik gehiago zaudela ernegatzen, ingurutik kendu ezin dituzulako, borrokan daudelako, baloiarekin koadroak botatzen dituztelako edo une bakar batez bakean uzten ez zaituztelako. Egoera horrek badu konponbide erraza, ezin errazagoa: "Zoaz telebistara!"