Ez hain ezberdinak


Herenegun goizean Euskadi Irratiak gizonezko bati egin zion elkarrizketa, nik nor zen ez nekiela, harik eta amaiera aldera esan zuten arte zein alderdikoa zen (EB), baina ez bere izena, gipuztarra ematen bazuen ere. Nor zen jakin gabe, hark esandako guztiak ontzat eman nituen. Bera EBkoa eta ni PNVkoa. Nola liteke? Aspaldi Erlantz UrtasunNabarraldeko nafar historialariari irakurri niona ekarri dit gogora: “bere tokian ikusten dudan bakarra PSN da. Defendatu ohi duena defendatzen duelakotz, eguneroko gizartean eta ideologian mailan”.

Harrituxe utzi ninduen, ez balitz lerroak geroago argitzen zuela zergatik: “Euskal irakaskuntza Nafarroa Garaia osoan bermatuko duela adierazi du PSNk. Hemen, euskara bizi dadin, benetako aukera bakarra”. Nola liteke Nabarraldeko batek hori aditzera ematea? Gehiago ere bota zuen atzo bertan: “Nafarroa Garaiko gobernuan Fernando Puras izanen dugu lehendakaria, eta Iruñeko udaletxean Javier Torrens alkatea.” Horren gordin, horren argi. Horren gaizki?

Bernardo Atxagak Ezker Batuaren kanpainako publizitatean agertzea onartu zuenean, abertzale askok kopeta ilunez hartu zuten eta, baten batzuk, traidoretzat jo ere bai. Hori nazkantea! Kontrako mugimendua, ordea, ontzat ematen dugu. Azken garai honetan euskal intelligentsia abertzalearen zati handi batek askatu egin ditu ENAMekiko lotura eta PNV-Aralar-EA-EBra jo du babes bila, ekarpenak egin nahian edo, beste barik, zerbaiten bila. PSOEk eta PPk ere hartu dituzte zenbait.

Gurekiko hurbiltasunaren arabera bihurtzen ditugu pertsonak on edo txar. Batzuk eta besteak berdintsuak dira gehienetan, eta ildo ideologiko antzekoari ekiten diote: “Denek agindu nahi dute, poltrona, botere partzela txikiena bada ere, berdin non edo noren alde, baina agindu, gakoa baita inor kez duela lanik egin nahi, baina bai, ona baldin bada, emaitza jaso.” Hara, lau lerrotan era guztietako gizakumeei darien giza-miseriaren deskribapen gordina; abertzale, sozialista edo frankista izan. Horretan ere zailak dira bereizten.

Etiquetas: