Itxurakeri mingarriak


Euskadi Irratiakoak haserre agertu ziren joan den astean euren korrespontsal Iratxe Etxeberriak galdera euskaraz egin, Bruselan, hizkuntza gutxituen arduradun berri errumaniarrari, eta 23 hizkuntzetan interpretatzen ziharduten inortxok ere ezin izan zuelako itzuli. Burutik eginda gaude! Hemen etxean, gure artean, ez agintariek, ez arduradunek ez pertsonaia publikoek ez dute euskararik normaltasunez erabiltzen. Buruko mina, ordea, Bruselan aintzat ez hartzeak ematen digu. Bazterkeria hori, Bruselakoa, salatzen dugu; ez etxekoa. Nazka ematen dit hipokresia horrek. Esandakoaren adierazgarri, pare bat adibide jarriko ditut, neure ingururik hurbilenekoak.

Atzo alderdikike batek idatzi zidan: “Eusebio, irakurria al duzu Hauteskundeetarako oharra?”. Ezetz erantzun, ez bainuen deialdia jaso. Eguerdian etxean neukan. Ireki, irakurri eta berriro gutunazalean sartu. Ezin nuen sinetsi. Lanera eraman , berriro ireki eta, boligrafoa eskuan, zuzendu egin nuen: orri pasatxoan 31 akats ortografiko eta testuaren zati asko ulertezinak. Eta gure ardura zein?: Bruselan euskararik ez dela egiten. Zer da hau? Isiltzea era baneukan. Berriro ere ABBko bulegora jo eta protesta egitea ere erabaki nezakeen, jakinaren gainean hurrengoan ere joera eta jarrera antzekoa litzatekeela. Ez dago onartzerik.

Duela aste batzuk La Virgen Blancako plazaren aldaketaren kontrako izenpeak biltzen geunden gure egoitza berriaren (Hueto Etxea) aurrean. Egun hots eta elurtsuan Udaleko zinegotzi jeltzaleak egokitu zitzaizkidan ondoan. Alderdikide euskaldunak denak. Nirekin baino ez zuten euskaraz egiten. Euren artean dena gaztelaniaz, salbuespenik gabe. Duela gutxi udaleko alderdi guztiek bat egin dute Korrikarekin. Zergatik? Zergatik eta zertarako behar dute euskara, jakinda ere ez badute erabiltzen? Zein izan daiteke gure hizkuntza nazionalaren etorkizuna alderdi abertzaleetako euskaldunek gaztelania erabiltzen badute?

Hauteskundeak datoz. Emakumeen kupoa halabeharrez bete behar izan dugu: % 50. Bada garaia euskararen erabilerak ere bere kupoa izan dezan. Entzun ondo, ez dut esan euskara jakiteak, ezen, horrela balitz, gaur bertan konplituko baigenuke. Euskararen erabilera-kupoa ezarri behar da. Gasteizen, adibidez, % 40. Ez da txantxetako lana, % 0tik hasi behar baita. Ez dago, baina, beste biderik. Bada garaia hitz politak utzi eta ekintzetara jauzia egiteko. Ez gaitzala arduratu Bruselakoak, hemengoak baino.

Etiquetas:

2 Comentarios:

Blogger mendi dijo...

Epa, Eusebio.

Egia duk esaten duzuna, baina gure denboraren semeak gara eta herenzia bat artu genuen. Hau da gure egoera, eta pentsa ezazu egoera honi etziola buelta ematen egun batetik bestera.

Ni ez naiz arabarra, gipuzkoarra baizik, gaur egun Bizkain bizi naizena. Hortik begiratuta esan behar da arabarrek asko egin dutela askeneko hamarkadatan.

Ezin dut kritikatu zure idatzia, zeren eta ondo egiten duzu behin eta berriz lelo berdina planteatuz. Izan ere, hizkuntzena, batez ere hizkuntza "ahaztuak", borondate pixka batekin berreskuratzen dira. Eta ez naiz ari pertsona barruaren ikuspuntutik besterik esaten.

Benga, eutsi gogor hor eta segi gogorarazten ni bezelakoei hasiera hasierakoa dela erabiltzea, idaztea (ni analfabeto osoa nintzen orain gutxi arte euskaraz, berriz gaztelaniaz ederto baino hobeto idazten nuen) eta transmititzea gure humeei.

Beno, bilatzen baduzu noizipenetan berri positibo bat edo beste...

27 febrero, 2007 13:01  
Blogger E.Gorospe dijo...

Gabon, Mendi. Ez du astirik izan erantzuteko. Ez da bat ere atsegina egunerko matraka hau. Askoz erosoagoa da euskarari, politikari, familiari edo inguruneari buruz ardurarik ez hartzea. Ez duzu inorekin hika mikarik izango, ez zaituzte egurtuko eta, azken baten, askoz lasaigoa biziko zara. Balio egin behar da horretarako. Nik ez dut balio.

Euskararena gai pertsonala da, min bizia ematen didan gaia. Isil-isilik banengo etekin gehiago aterako nioke biziari. Ez dut, baina, hori aukeratu nire etorkizunerako. Zerbait salagarria ikusten badut salatzen jarraituko du, orain arte bezla. Horrek disgustoak ekarriko dizkidala, ba bai. Badakit.

Ondo ibili.

27 febrero, 2007 22:26  

Publicar un comentario

<< Home