Demokrazia plurinazionala


Espainia zein Frantzia hainbat nazioz eratuta daude. Hori errealitate ukaezina da. Errealitate horretan elkarbizitza posiblea izateko nahitaezkoa da Estatuek nazioaniztasun hori aitortu eta arautu dezaten. Estatuek errealitate hori ez aitortzeak ezinbestean dakar gizartean sezesioaren aldeko apustua nagusitzea. Horrenbestez, Estatuen esku dago hein handi batean, Estatua ez banatzea.

Azken urte hauetan demokrazia plurinazionalaren edo nazioaniztunaren teoriak ari dira errealitate konplexu horietako elkarbizitza azaldu eta bideratu nahian. Demokrazia mota horren printzipio nagusiak nazioen arteko berdintasuna eta askatasuna dira. Hortaz, nazioen arteko hitzarmenak berdintasun egoeran egin behar direla aldarrikatzen dute teoria horiek eta, halaber, nazioek askatasunez onartu behar dituztela elkarbizitzarako hitzarmenak erreferendum libreen bidez. Gainera, benetako askatasuna egon dadin, sezesioaren bidea ere arautzearen alde azaltzen dira.

Demokrazia plurinazionala, beraz, gaur egun PPk eta PSOEk defendatzen duten demokrazia liberala baino hobea da, dudarik gabe. Aurrera pauso bat da, eta merezi du horren gainean eztabaidatzea eta sakontzea. Ez da alderdi politikoen lehiaren inguruko kontu soil bat, elkarbizitzarako behar ditugun baldintza eta tresnei buruzkoa baizik.

Euskaldunen hitzarmen-estrategiaren inguruan Imaz jaunak egiten duen aipamenari erreparatuko diot orain. Horrela dio Imazek: "la estrategia del vasco ha sido siempre la del pacto, la de la negociación, la de la cooperación".

Euskal Herriaren historian hitzarmen-estrategia mendetasun-egoerari lotuta egon da. Espainia eta Frantzia indarrez eta konkistaren bidez nagusitu egin zaizkigu eta gure berezko sistema guztiz ez galtzeko egia da euskaldunok nolabaiteko trebezia erakutsi dugula hitzarmenaren bidez geureari heltzeko; hori bai, ahal izan dugun bezala eta muga eta murrizpen askorekin.

XXI. mendean, ordea, Estatuekiko hitzarmen-estrategia beste parametro batzuetan planteatu beharko genuke euskaldunok. Egia da hitzarmenak beti direla egokiak gatazkak konpontzeko, baina demokraziaren ikuspegitik abiatuta, baldintza berriak ezarri beharko lirateke akordiorako. Nire ustez, honako hauek gutxienez:

- Hitzarmena egin behar dutenen arteko berdintasuna eta askatasuna aitortzea eta onartzea.

- Hitzarmena epe jakin baterako egin beharko litzateke. Zuzenbidean hitzarmenak beti egiten dira epe jakin baterako, izan ere, ez litzateke oso zilegia izango hurrengo belaunaldiek gustuko eduki ez duten hitzarmen bati lotuta egotea betiko.

-Hitzarmena ez betetzeak ondorio batzuk ekarri behako lizkioke betetzen ez duen alderdiari, zeintzuk zehaztuta egon beharko luketen aurretik. Esaterako, Estatuak hitzarmena beteko ez balu, euskaldunok Estatutik banatzeko bideari ekin ahal izango genioke inolako trabarik gabe.

Etiquetas: