Arabak eta Gasteizek erakutsi dutena


Ohi baino jende gutxiago joan da bere botoa ematera Araban. Ez dago hondartzari errua leporatzerik, eguraldia ez zegoen-eta horretarako. Ezin esan, gainera, abstentzioa alderdi guztientzat izan denik; jeltzaleena izan da, gehienbat. Mezua eta edukia landuta izan ditu EAJk. Jendearengana heldu ez, ordea, behar bezala. Itzultzailea naizenez, Arabako eta Gasteizko programa luzeegien zati bat eman zidaten itzultzeko. Dena zen berdina: “Guk egingo dugu, eraikiko dugu, antolatuko dugu, garatuko dugu, ahaleginduko gara, ….” Horrelako ehunka promesa, gainerako alderdien antzera. Denak agertu dira oso emankor. Guzti hori hartu behar duenak, herritarrak, denei berdin iritzi die. Nork irabaziko, eta Lazkozek. Zergatik? Zapateroren ordezkaria delako Gasteizen. Gestioak ez du agindu.

Gestioan oinarritutako kanpainak ez du balio izan. Abisatu nuen aspaldi. Esan nien hautagaiei abertzaleak zirela, eta euretariko gehienak euskaldunak ere bai. Abertzaletasuna eta euskaltasuna eman behar zituzten aditzera, praktikatuz. Ez didate jaramon gehiegirik egin, ez batera ez bestera. Ez zuten zertan eginik ere, jakina. Kasua da, EA efektua ahantzi gabe, egurra eman digutela.

Gure lana zaila zen. Ez geneukan alkaterik ez eta diputatu nagusirik ere. Hautagaiak baino ez genituen. Hautagai ezezagunak. Zerbait ezberdina, esanguratsua, erakargarria eskaini behar genion herriari. Ez dugu lortu, batik bat besteek egin dutena egin dugulako. PSEk Zapatero aurkeztu du; PPk Acebes eta Raxoi; eta guk? Noizbehinka Ibarretxe agertu da Euskal Herria hitza erabiltzeko, erabakitzeko eskubideaz hitz egiteko, euskal harrotasunaz jarduteko. Bestelakoa dirudien arren, mugan dagoen lur honetan egunetik egunera euskaldun gehiago dago, geroz abertzale gehiago. Arabaren eta Gasteizen irudi okerra ote dugun nago.

Egora latzetan, 2001eko maiatzean, 2004ko udal- eta foru-hauteskundeetan Arabak erakutsi du bere sena, bere izaera euskalduna. Oraingoan ez dugu asmatu. Gaitzerdi, ikasten badugu etorkizunerako.

Etiquetas: