Si yo fuera alcalde Gasteizkoa


Elecciones Vascas web-koek Gasteizko alkatearena egiteko eskatu digute. Nire esku gelditu da zeregina. “Alkate izango banintz” horrek atsotitzetik ere badu “balitz eta bazan elkarrekin dantzan”. Kanpotik begiratuta, eta erakundeen tripak gutxi ezagututa, dakidana da erakundeek -udalek ere bai- berez edo inertziaz funtzionatzen dutela; alegia: honenbeste diru dago gastatzeko, eta funtzionario pila urtero aurrekontu hori gestionatu, analisiak egin, hutsuneak begiz jo eta egitasmoak egiteko. Hortaz, alkatearen lana ez da horren ezinbestekoa. Gidariarena egitea dagokio alkateari. Makina ondo badabil, gidariarentzat txaloak; aberiatuz gero, gidaria errudun.

Gasteiz hiri hotza da erdi-gunetik kanpo; jendearen aldetik hoztasuna eragiten duen herri handia. Bilduagoak beharko luke, batuagoak. Lakua auzunean egon bazarete inoiz, edo Salburuan, edo Zabalganan, etxe-sail amaigabeak ikusiko dituzue, batzuk besteetatik urrun, erdian berdegune zabalak dituztela eta karriketatik inor gutxi dabilela. Oso jende gutxi dabil. Etxeak bajuegiak dira; batzuk hutsik daude; besteetan lagun bakarra edo bi bizi dira; eta bloke oso batean batez besteko okupazio tasa 1,75 pertsonakoa da, 90 m2ko etxebizitzako. Hori astakeria da. Nik altuagoak egingo nituzke etxe-sailak, etxebizitza erdiak 50 m2koak eta berdegune erdiak eraiki egingo nituzke. Horrela lurzoru erdia kontsumituko genuke; jende gehiago bilduko litzateke, giroa sortuz; eta hiriak beste itxura bat izango luke. Ez ahaztu Gasteiz erditik, oinez, hogei minututan gari zelaiak daudela. Hau ez da Bilbo.

Zer gehiago egingo nukeen? Egunero ikusten ditut Lakuako Mendebaldea institutura joaten diren gazteak. Euskal Herria bulebarra zeharkatzen dute, euren bizia arriskuan jarriz kotxe artean, oinez zein bizikletaz. Institutu horretara joateko, Txagorritxura, Gamarrara, Salburuara, Mendizorrotzara, Estadiora eta gainerako zentroetara joateko bide-gorri eta oinbide onak eta seguruak eraiki behar dira. Hori Gasteizen nahitaezkoa da. Espaloi askoren erdia soberan dago, eta erraz egokitu daitezke bizikletentzat, jendearen artetik ibil ez daitezen. Galtzada askok ere har ditzakete bizikleteroak, euren bizia heriotza arriskuan jarri gabe. Ez da horren zaila, eta eragin positiboa izango luke, oso, herritarren osasunean eta ingurumenean.

Alde Zaharra ere zaharberrituko nuke. Gure arbasoen lekukoa da aldapan gora eta behera dugun gune baztertu hori. Santa Mariako katedralak, San Pedroko elizak, Zapateria kaleak, Kutxilleriak, Matxete plazak, Ama Birjina Zuriaren inguruarekin batera, herri handi honen, hiri honen historia zaharrena osatzen dute, gutaz gehien dakiten txokoak dira, gizaldi eta gizaldietan so izan ditugunak.

Alkate izango banintz, egiten diren proposamenen laurdena ez nuke egingo. Diruak mugak ditu eta badakit, herritarra naizenez, aurrekonturik gehiena ohiko gastuetan erabiltzen dela, eta obra edo beste proiektu batzuetarako ez dela asko gelditzen, ez bada beste erakunde batzuetatik partida bereziak jartzen dituztela. Egiten diren promesa eta egitasmo gehienak bete ezinak dira, eta jendeak badaki hori horrela dela.

Si fuera alcalde Gasteizkoa ez nuke eskaintza edo proposamen gehiagorik egingo. Ez nituzke beteko, seguru asko.

Etiquetas:

2 Comentarios:

Blogger Joxemari dijo...

E.gorospe jaun-andrea: ez dezu ba gurako hankaz gora jartzea Cuerdaren eredu laudoriotua! Etxe altuagoak, txikiagoak eta berde gutxiagorekin? Eztakit pa alkate gisara etorkizun argia izango zenduken.

23 mayo, 2007 12:51  
Blogger Unai dijo...

kar kar kar!!

Etxe altuagoak eginez gero, neure botoa lortuko zenuke. Auzo berriak hilik daude hiruzpalau solairuetako eraikuntzen erruz.

23 mayo, 2007 21:04  

Publicar un comentario

<< Home