Bake-prozesua: puzzlearen zatiak lotzen ( I )


Bernardo Atxagak Euskaltzaindian sartzeko hitzaldian antzar bat erabili zuen euskalgintzaren gainean hegalditxo bat egiteko. Guk Atxagaren antzarrari eskatuko diogu -bake-prozesua etenda dagoen honetan- politikarien sukaldeen gainetik beste hegalditxo bat egitea. Ea Atxagari eman zion bezain ikuspegi interesgarria ematen digun oraingoan ere.Bake-prozesuaren puzzlea dute alderdi politiko guztiek mahai gainean, baina puzzle zatiak nahiko nahaspilaturik daude eta badirudi alderdi guztiei zatiren bat falta zaiela. Bake prozesuaren protagonismoa eraman duten alderdien arteko (PNV, PSOE, Batasuna) mahaien inguruan jesarrita daudenen artean arkitekto eta ingeniari politiko gutxi ikusten dira

Egunkarietako azken albisteak kontuan harturik, prozesuari bide eman diotena PSOE eta Batasunaren artean duela sei urte hasi ziren elkarrizketa informalak izan ziren. Elkarrizketa horien ondorio izan ziren Anoetaren lan-eskema bikoitza (Bakea eta normalizazioa bereiztu beharra) eta ETAren su-etena. Tartean, Ibarretxe Plana izapidetu zen eta horrek arazo politikoa gizarteratzen lagundu zuen, dudarik gabe.

Hurrengo urrats erabakigarria Loiolan eman omen zen 2006ko udazkenean PNV, PSOE eta Batasunaren arteko elkarrizketen bidez. Elkarrizketa horietan mahai politikoa eratzeko zirriborro bat landu zen, guk hemen Loiolako proposamena deituko dioguna. Loiolako proposamen horretan etorkizuneko akordio politikoaren ardatzek zeintzuk izan beharko luketen eta prozesua aurrera eramateko metodoa eta egutegia ( Ibilbide-orria edo “Hoja de Ruta”) jasotzen omen ziren.

Proposamen horretan ditugu, beraz, azkenean eta zoritzarrez, behar bezala lotu ezin izan diren normalkuntzarako puzzlearen piezak. Hona hemen:

a) Euskalerriaren nazio adierazpena.

b) Eskubide guztiak eta guztien eskubideak aintzat hartzeko adierazpena.

c) Euskalerriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena.

d) Euskalerriako erakundetzea eta, hegoaldeari dagokionez, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa autonomia erkidego bakar batean biltzeko proposamena.

Gara egunkariaren arabera, lehenengo bi puntuen inguruan adostasuna lortu zuten hirukia osatzen zuten alderdiek, baina desadostasuna azken bi puntu horietan eman zen, alegia, Euskalerriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearen inguruan eta Hego Euskalerria erakundetzearen inguruan.

Horrela ikusita –badakigu, nolanahi ere, hegaldiak hartu duen altueragatik Bernardoren antzarrak oso azaleko ikuspegia eman dezakeela – badirudi desadostasunak gai politikoen ingurukoak izan direla, eta ez horrenbeste, ETA eta Gobernuaren ardura zen desmilitarizazioaren gaiaren ingurukoak. Horretan ez da eman hasiera batean adostutako erritmoa, baina edukietan adostasuna dagoela badirudi, hasiera batean behintzat. Ondorio hori egiaztatzeko beste datu bat da 2007ko maiatzean Europako hiriren batean Batasuna/ETA eta PSOE/Gobernuaren artean prozesua bideratzeko egindako azken saiakera, nazioarteko hainbat begiraleen aurrean. Saiakera horretan argi ikusi da ETA prest dagoela bere egitura militar guztia desegiteko eta baldintzarik gabeko su-etena berriro aldarrikatzeko, mahai politikoan akordio lortuz gero. Denok dakigunez ez zen horrelakorik gertatu eta ETAk su-etena indargabe utzi zuen udal hauteskundeak eta gero, zoritzarrez.

Loiolako proposamenean desadostasunak –gorago ikusi dugunez- bi puntutan azaldu ziren: erabakitzeko eskubidea eta Hego Euskalerria erakundetzeko eredua.

Ezker abertzalearen iritziz, puntu horiek idatzita zeuden moduan anbiguotasun kutsua zuten eta ez zuten behar bezala bermatzen etorkizunean bertan jasotakoa gauzatu ahal izatea. Anbiguotasun hori zuzentzeko beranduago Anaitasuna proposamen gisa ezagutu duguna jarri zuen eztabaidagai: Hego Euskalerriako lau lurraldeak autonomia erkidego bakar batean biltzea bi urteko epean eta erabakitzeko eskubidea erabiltzeko aldarrikapena eta bermeak (independentziaren bidea zabalik utzi beharko lukeena).

PNV-EAJk ez zuen onartu nahi izan lurraldetasunaren arazoaren konponbidea bake-prozesuaren emaitza zuzena izatea, horrekin protagonismo politikoa galtzen baitzuen eta autonomia erkidego berrian botere kuota galtzen zuelako. Lurraldetasunaren gaia EAJk NaBai koalizioren bidez bideratuta zuen eta, Nafarroan alternantzia politikoa lortuz gero (PSNrekin batera UPN boteretik kenduz gero), Nafarroa gainontzeko euskal lurraldeekin biltzeko eskaria Nafarroatik bertatik ateratzea espero zuten. Horiek horrela, Batasunaren proposamena ez zen bateragarria haien epe motzeko estrategia eta eskemekin.

Nolanahi ere, jarrera horrekin PNVk ahaztu egiten du azken urteetan erabili izan duen goiburua: “ez inposatu, ez eragotzi”, izan ere, elkarrizketetatik aldenduz, lurraldetasunaren gaian estrategia ezberdina izateagatik, eragotzi egin zuen eratu behar zen mahai politikoaren agendan Hego Euskalerria erakundetzeko eztabaida sartzea eta abendurako antolatu behar zuten bake-konferentzian eztabaidarako proposamen gisa egotea.

PSOEk, aldiz, -hirukiaren azken erpinak- PNVren jarrera ezkorra ikusita, Batasunaren proposamena negoziatu beharreko eduki gisa hartu zuen, eta badaezpada atzera egin zuen edozein negoziaziotan hartzen den estrategiari helduz: amore emateko beti dago denbora, baina ez dezaten gehiegi hasieratik atera.

Hori guztia da Bernardoren antzarrak alderdi politikoen sukaldean ikusi duena. Prozesua bideratzeko puzzlearen piezak sukaldeko mahaian daude, baina puzzlearen konplexutasuna dela-eta arkitekto eta ingeniari politikoak behar direla horiek guztiak bere tokian jartzeko. Gainera alderdi politiko bakoitzak ez ditu puzzlearen pieza guztiak, eta elkarri trukatzeko beharra ikusten da, beraz, ingeniari politikoek zubiak eraiki beharko dituztela dirudi.

Etiquetas: