Zirrikiturik gabe


Astindu ditu bai bazterrak Nafarroan gertatutakoak. Baten batzuk bagenuen itxaropenik. Uste genuen azpitik bazebilela zerbait, gehienok ikusten ez genuena. Uste genuen Nafarroan derrigorrezkoa zela zubiren bat eraikitzea gerora begira. Ez ba. Oraindik ere lehentasunen jerarkia ondo ezarrita dago Madril inguruan. Ematen duen arren euskal gaia punta-puntakoa dela jerarkia horretan, egunerokotasunak erakusten digu botere-lehiak askoz garrantzi gehiago duela. Hauteskundeak irabaztea da lehenengo, botereaz eta aurrekontuaz jabetzea.

Ez nuke nafar sozialisten azalean egon gura. Birritan ere erakutsi dizkieke hortzak euren jauntxoei. Ezertarako. Adarra jo diete lotsagabe. Hori gutxi balitz, belarriak makurtu eta apal-apal hor jarraitu behar, Nafarroako Parlamentuan oposizio lan hipokrita eta erredikulua egiten. Zelan egin Sanzen kontra orain? Batik bat parlamentariorik gehienak, Parlamentuko burua barne, beste era bateko gobernuaren aldekoak izan direnean?

Nafarroak bazuen loturarik, euskal gatazkarekin. Aipatu zubi hori behar-beharrezkoa genuen, berandu baino lehen zeharkatze-ahaleginak egiteko. Ez da, ordea, hori beste batzuk buruan dutena. Konfidantza oso gutxi ematen dute Espainiako agintariek, orain boteran daudenek eta datorren urtean egon daitezkeen gainerakoek.

Penaturik nago, eta nire moduan nire ingururik gehiena. Sinestu ezinda. Kolpez kolpe gogortzen omen da larrua. Gurea zurrunegi dago jada. Leihatilatxo bati begira egon gara aspaldian, itxaropenari eutsi nahian. Ezin. Auskalo noiz agertuko den beste zirrikituren bat arnasa hartzeko.

Etiquetas: ,