Cantando "gazte gara gazte..." (...) en gipuzkera y bizkaiera


Dena dago lekuz kanpo, gehiegikeriaz josia. Aurrekoan harridura eragin zidan Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok Josu Jon Imazi idatzitako gutunak. EBBko buruarekiko laudorioz gainezka, soberako zurikeriaz. Libelo digitaletik urruti, dudarik gabe. “Te veo cantando «Gazte gera gazte ta ez gaude konforme…» (…) oigo un irrintzi intrépido y te escucho emocionado en el Euskalduna en gipuzkera, bizkaiera”. Artikulua gaztelania hutsean argituratu du Bilbaok El Correo eta Deia egunkarietan, ez gipuzkeraz, ez bizkaieraz.

Lagun-min bati agur-gutuna gaztelaniaz idazteak esan gura du lagun horrekin egunero duen tratua hizkuntza horretan izango dela. Ezin dut ziurtzat eman, ez baititut ezagutzen. Baina hala iruditzen zait. Eta gaztelaniazkoak izango dira, seguruenik, ahaldun nagusiak inguruko goi-kargu euskaldunekin dituen harremanak, baita Urkullurekin dituenak ere. Gustatuko litzaidake oker ibiltzea, esandako berba guztiak irentsi behar izatea, beste inoiz gertatu zaidan moduan.

Zein hizkuntza erabiltzen dute Egibarrek eta Gerenabarrenak? Azken garai honetan ia egunero biltzen omen dira Urkullu eta Aurrekoetxearekin, EBBko burua izango denaren izena hitzartze aldera. Denak dira euskaldunak. Zein hizkuntzatan egiten dituzte euren batzarrak? Abertzaleak eta euskaldunak diren jeltzaleak ez al daude behartuta euskaraz egitera euren artean?

Batzuk konplitzen ari dira. Duela gutxi Administrazioa Eraberritzeko eta Administrazio Elektronikorako idazkari nagusiak eta Administrazio Elektronikorako eta Herritarrei Arreta emateko zuzendariak euskara hutsez aurkeztu dute Euskadi.net ataria. Orain arteko ia guztiak gaztelania hutsez izan dira. Euskaraz ez dakitenek izango dute aukera nahiko han esandakoaren berri izateko. Lehenengo bider irauli da prozesua. Hori da bidea.

Ponentzia politikoak (EAJren web orrian ez dut euskarazko bertsiorik aurkitu) euskarazko kontuak “El reto de la construcción social” kapituluan aztertzen ditu. Badira hor idatzitako hainbat gai aintzat hartu behar ditugunak, bai esaten dutenagatik, baita esan gabe uzten dutenagatik ere. Hurrengo batean.

Etiquetas: