Ezker Abertzaleak ere badu zer konpondu


Imanoli, errespetu guztiz. Barrenak deklaratu zuen atzo buruari hotzean eutsi behar zaiola une honetan. Eskertzen zaio asmoa. Gaur goizean Euskadi Irratiako esatariak, garai gogorrak datozela aldarrikatzean, ia ETAren itzulera iragartzen duen galdetu dionean, ez du ezetzik erantzun. Buru hotza izatea eta doilorkeriari indarkeriarekin erantzutea ez dira ezkontzen. Ekintza/Erreakzioa espiral horrek, gaur egun, bi galtzaile ditu: Euskal Herria eta ENAM. Ez dudarik egin, Imanol. Hortaz, buru hotza izateak denoi egingo digu mesede.

Imanol, zuk esana da: “Zuen Sabino kartzelan egon zen. Ajuriagerra bera ere bai Gaur egun zuetako inor ez dago kartzelan. Gaur egun zuetako asko, espainiak emandakotik bizitzen ari zarete. Ongi bizi ere. Zuetako asko ez dago prest daukana galdu edo gutxiagotzeko proiektu erkide bat garatzeko.”

Hitz potoloak. Sabino 1902an kartzelan sartu, eta justu orduantxe ekin zion bide espainolistari. Sabino duela 100 bizi zen, XIX. gizaldiaren amaieran eta XX.aren hasieran. Ajuriaguerra 1937an sartu zuten kartzelan Santoñako hitzarmenaren ostean, duela 70 urte. Ez batak ez besteak ez zuten inor hil edo erail. Diferentzia funtsezkoa da. Kartzeleratu berri dituzten Batasunako 20 kideek (Otegi barne) ere ez. Esango didazu ETAko militanteek Aberriaren izenean hil, suntsitu edo atentatzen dutela. Ez dut uste Aberri honek hainbesteko entrega behar duenik; seguru askoz gutxiagorekin konformatuko litzatekeela.

EAJ Espainiak emandakotik bizi dela esatea soflama oso ezaguna da ENAMen. Onartuko nizuke PNV erakundeei guztiz lotuta dagoela esatea. Onartuko nizuke esatea, halaber, gure jende asko karguen berotasunean ondo instalatuta dagoela eta ez duela inolako inkomodidaderik gura. Hori egia da. Ez ahaztu Imanol inoiz ENAM boterera iristen bada, modu berean jardungo duela. Hala gertatu zaie ezker erradikalean boterea lortu arte jo eta fuego aritu izan direnei. Boterera heldu eta Armani, dietak, eliteak, .. Zergatik zuek ez?

Zuk diñozu gutariko asko ez dagoela prest daukana galtzeko. Hala da, eta argudio bera erabiliz esango nizuke zuetariko gehienok ere zaudetela prest daukazuena galtzeko Aberriaren alde. Zergatik: gu bezala, oso ondo bizi zaretelako. ETAn sartzen diren lauzpabost mukizu, presoak eta horien senitarteko hurbilak kenduta, beste gehienok.

Gu bai gaudela prest proiektu erkidea garatzeko, baina ez hiltzen dutenekin. Edozein modutan dela ere, ez dezagun ahaztu, eta zuk hori oso ondo ulertuko duzu, proiektu politiko ezberdinak defendatzen ditugula eta, ondorioz, bake eta askatasun giroan ere bando ezberdinetan jardungo genukeela. Ez dakit zerk bereiztuko gaituen; boterea eskuratzeko egarriak, seguruenik. Nahiko izango da oinarrizko arrazoi horri kolereak jartzea: zuek ezkerrekoak eta gu eskuinekoak. Gezurra da, bain funtzionatzen du.

Zuk esana da: “Zuetako askok ezker abertzalea du etsai nagusitzat ( edo hori esaten du) gutako askok euskal eskuina duen bezala. Zuek ez al duzue hausnarketarik egin behar?.”

Ez dugula hausnartzen? Zer da, orduan, blog hau? Ez dugula arriskatzen? Zer izan zen, orduan, Ibarretxeren Estatutu Politiko Berria? Zer da orain Ibarretxek aurkeztu duen proposamena? Diruaren bila joateko proposamena al da? Boterea ziurtatuko al dio Ibarretxeri?

Zuk esana da: “Ezkerrak hankasartze asko egingo ditu, batzuk grabeak, baina ezker abertzaleak ez du diru truke lan egiten, ikuspuntu ( agian oker) baten alde baizik. Zuek ezin dezakezue gauza bera esan. Diruak agintzen du zuengan, edo zuetako askorengan. Nola puskatu daiteke hori?”

Uste dut erantzun dizudala. Ibarretxeren erronka honekin boterea gal dezake EAJk. Horrek min handia ematen die gutariko askori, batik bat botereari etekina atera dionari edo boterearen epeletan gustora bizi denari. Ezin esan arriskatu ez dugunik. EAJk arriskatu du, jakinda galdu egin dezakeela eta, ondorioz, boterea galdu.

Etiquetas: ,

1 Comentarios:

Blogger irarreta dijo...

Kaixo Gorospe Jauna:
Kartzelan egoteak ez du esan nahi hiltzailea izan behar zarenik. Gaur egun inor hil ez duen Euskaldun asko dago kartzelan. Horien artean ETA ko jendea ere.
Eusko gudarosteak batenbat hilko zuen ezta? Estatu Batuetako marineak ez ziren izango baina inor ez hiltzeko bezain txarrak ez dut uste...
"Ez ahaztu Imanol inoiz ENAM boterera iristen bada, modu berean jardungo duela."
Hau da, askok eta askok, bidegabekeriak egiteko erabiltzen duten argumentua, " zu neure lekuan egongo bazina, gauza bera egingo zenuke".
Hipotesia egi bihurtua.Magia!. Hala ere, hori gertatuko balitzaie, txarto. Ala ez?
Konponbidea: gobernu aldaketa.
Gu ere gero eta hobeto bizi eta alpertzen ari garela esaten duzunean, arrazoi osoa duzu. Neu lehendabizikoa.
Ez dut sinesten zuek hildakorik gabeko eszenatoki batean PNVk ezker abertzalearekin proiektu erkide bat garatuko zenutekeenik. Hiru urte eta piko egon da ETA inor hil gabe.Sinesten dut ETAk bukatu nahi zuela. Sinesten dut askori beste eszenatoki batek beldurra ematen diela. Sinesten dut ezker abertzaleak gora egingo duela bake garaiak datozenean. Eta PNV-k behera. Eskema horretan ulertzen dut tregua garaian gobernuak egindako atxiloketa piloa .
Hala ere PNVko jende asko abetzaleak direla uste dut. Eta sinetsi nahi dut Ibarretxe lehenkakariak aurrerapausua egin nahi duela.
Hala bedi.
adeitasunez,
Imanol

10 octubre, 2007 16:46  

Publicar un comentario

<< Home