Algortan, lagunartean


Goizean seme-alaben betebeharrekin konplitu, eta eguerdiko 13:30a aldera heldu nintzen Algortako Batzokira. Alde batera taberna, gainean Euskaltegia eta alboan lokal eta areto gehiago beste zeregin batzuetarako, adibidez blogero jeltzaleen lehenengo Lagunartekoa antolatzeko. Aitortu behar kuxkuxeatzaile modura gehiago joan nintzela, blogero legetxe baino. Han egon ziren, goizeko ekitaldiaren amaieran Agirregabiria, Erikenea, Txapela, Escoin, Zuriñe, Iratxe, Ansorena, Magneto (???), JK eta agian ahaztu egiten dodan besteren bat. Denen gidari Algortako afiliatua den A. Uriarte, sukaldari ere trebezia erakutsi zuena. Horiekin batera, bazkaltzen gelditu ez baziren ere, jende heldua; eta, atze-atzean, hainbat neska mutiko gaztetxo, 12-14 urte ingurukoak. Hiruzpalau belaunaldi ordenagiluen xarmak erakarrita. Han ziharduten denek, horrelako tramankuluek izan dezaketen garrantzia aztertzen, bakoitza bere gaitasunen neurrian.




Ezer baino lehen, eta sareko eztabaidak Alderdian izan duen eragin onaz edo txarraz galdetu nuenean, batera erantzun zidaten "eragina izan du". Horrela, kalifikatu gabe gelditu zen, nahiz nik uste dodan eragin txarra izan duela erantzun nahi izan zutela. Ni ez nago horregaz konforme. Izango dugu aukera hurrengo batean sakonago aztertzeko. Zalantzarik izan ez zuen gaia izan zen, izan ere -nik baino lehen beste batzuk aztertu duten eran- Internet-en munduan nahitaez sartu behar dela, alegia, laster Aita Sainduak berak blog bat irekiko duela, eta berak baino lehen ehundaka politikok hartu dutela bide hori. EAJn I. Anasagastik bakarrik. Inork gehiago. Hobe da uholdeari aurrea hartzea ze, bestela, gainezka egingo digu.

Hitz gakoa gaur egungo munduan kritika da, kritika eta autokritika. Alderdiek eta alderdietako agintariek jabetu behar dute gaurkoa ez dela duela bost urtekoa. Gaur ez da nahikoa aparatua, organo gorenak kontrolatzea, gaur beste tresna batzuk daude eragiteko. Asanblea batean 40 pertsonaren aurrean atera zaitezke garaile, baina Interneteko mundu honetan, norbait eta zerbait izatera iristen bazara, ehundaka irakurle izan ditzakezu egunero, agian asanbleetara joaten ez direnak, baina iritzi ezberdinen bila ari direnak. Horri lepoa erakusten diona oker ari da. Hori denek zeukaten argi: gaur sarearen errealitateaz jabetu beharra dago, sarearen indarraz eta eragiteko ahalmenaz.

Aipatzearren, aipatu zen, halaber, EAJko webgune ofizialak ez duela ezelango erreferentziarik blogosfera jeltzaleaz, eta ia hori zergatik den, batik bat aintzat hartuz badirela bi blogari euren pulpito mugiezina jarrita dutenak web horretan, non eskegitzen dituzten euren artikuluak. Azalpena egokia iruditu zitzaidan: hobe da kanpotik jardutea; hobe da bizi propioa eta independientea izatea. Eta gero, gerokoak.

Kritikatxo batez, belarri-tirekada batez amaitu gura dut larunbateko elkarreratzearen kronika: gehienok euskaldunak izan ginen arren, denek egiten zuten gaztelaniaz, helduenek, bitartekoek eta bai gaztetxoek ere, nahiz eta nirekin euskara erabiltzen zuten. Hori ere atzekoz aurre jarri behar dugu lehen bait lehen, bihar etzi baino hobeto.

Neska mutilok, txalo bero bat, eta ia han aditzera eman ziren bi proiektuak (wikia eta agregadorea) ahalik arinen jarrita ditugun. Zeregin hori gure tekniko espezializatuen esku utzi genuen.

Besarkada bat denoi.