Errealitateari ezin lotuago dagoen proiektua


Arkaitz Ibarzabal Arrietak bidalitako artikulua.

Azken urteotan ikusi ahal izan dugu nola Europako herri askok (Letonia, Estonia, Lituania, Montenegro) independentziaren aldeko erabakia hartu duten, eta nola beste batzuk (Letonia, Estonia, Lituania, Montenegro) bide hori jorratzen ari diren. Askotan entzun dugu independentziaren aldeko diskurtsoa zaharkitua dagoela; gaur egun ez dela modernoa independentzia bilatzea eta bultzatzea. Nazioarteko errealitateak, eta ez bakarrik Europakoak, erakusten digu independentziarena, askorentzat, oraingo nahia dela. Hortaz, ez da iraganeko proiektu bat, baizik eta gaur egunekoa.




Herri baten gehiengoaren nahia independentziaren aldekoa bada, demokratikoki ez dago arrazoirik independentzia ukatzeko. Benetan sinisten badugu proiektu politiko guztiak zilegi direla, eta era baketsutik bideratuz gero, onargarriak direla, ezin diogu bidea itxi independentziaren aldeko proiektuari.

Badakit jakin, Ibarretxe Lehendakariaren kontsultarekin ez dela independentzia lortuko, baina uste dut, aurrera pausu bat izan daitekeela bide horretan. Azken finean, kontsultaren bidez erabakitzeko eskubidea egikarituko da, eta ordutik aurrera, bakoitzak lan egin beharko du bere proiektua aurrera eramateko, dela independentzia, dela estatutu berri bat, dela orain bezala geratzea. Baina nire ustez, hortik aurrera aldaketa gauzatuta egongo da, hau da, erabaki behar duen subjektu politikoa lehenengo aldiz Euskal Autonomia Erkidegoa izango da, eta Euskadi - Euskal Herria osatzen duten beste herrialdeei ere aukera eman behar zaie egunen batean horrelako hautu bat egiteko, hango gehiengo batek horrelako nahia duela aldarrikatuz gero.

XXI. mendean independentziaren aldarria inoiz baino presenteago dugu. Egia esan, gizartearen gehiengoak bide horren alde egingo balu eta benetako demokrazia batean bageunde (bide batez esan dezadan zalantzan jartzen dudala Espainiako Estatuarena benetako demokrazia denik), ez legoke arrazoi politikorik horrelako erabaki bat hartzen ez uzteko, eta hartzen bada, aintzat ez hartzeko. Gauzak oso argiak izan daitezke, nahi izanez gero. Gehiengoaren nahia errespetatuz gero, ezin da arazorik egon benetako demokrata batentzat, ezta aitzakiarik ere ez, dela ETAren biolentzia, dela Estatuko legezko araubidea, direla orduko hauteskundeak. Ipini izan dira aitzakiak gai honi ez heltzeko, baina finean, normalizazio politikoa lortuko bada, aukera guztiak egon behar dira mahai-gainean, eztabaidagai izan behar dira proiektu guztiak eta bideragarriak izateko bermeak eman behar dira, ez dezala gero Auzitegi Nazionala edo Konstituzio Auzitegia etorri dena hankaz gora jartzera.

Gehiago esango nuke, Estatuen ereduari lotuta geratzen denak modernitatearen trena galduko du, nazio txikiak askoz errazago moldatzen dira errealitatera, askoz hobeto ezagutzen dute gizartearen errealitatea eta, horren ondorioz, hartutako neurriak eragingarriagoak dira, gure Autonomia Erkidegoarekin gertatu dena ikusi besterik ez dugu. Hortaz, modernitatea eta independentzia eskutik lotuta datoz. Independentziaren alde gaudenok ondo saldu behar dugu, ideia horren inguruan sinergia lortzeko. Ez dugu esango erronka makala dela, baina ez da lortu-ezina ere eta, nire ustez, ekinaren ekinez gauzatuko dugu.

2 Comentarios:

Blogger Zelai Nikolas dijo...

Epa Arkaitz:
Guztiz ados nago esaten duzun guztiarekin.

Independentziaren hautua azken finean Espainia edo Frantziaren barruan gelditzeko aukera bezain zilegia da eta niri gustatuko litzaidake bi etorkizuneko eredu horien artean eztabaida zabaltzea gizartean. Jakin nahiko nuke zergatik den aukera bat bestea baino hobea. Zein eredutan biziko garen euskal herritarrak hobeto, azken finean.

Imaz argi azaldu da Espainia barruan gelditzearen alde, baina ez dizkiot entzun nahikoa arrazoi, egonkortasun ekonomikotik aparte bere aukera defendatzeko.

Zeintzuk dira arrazoiak bat edo bestearen alde egiteko? Oraindik gaia behar bezala aztertuta ez dagoela esango nuke. Non daude gure intelektualak?

Erabakitzeko eskubidea inoiz erabiltzeko aukera badugu, orduan izango da unea aukera baten edo bestearen alde egiteko, baina aurretik gaia eztabaidatu behar da eta herritarrari nahikoa informazioa eman, askatasunez erabaki dezan.
Nire ustez, ikuspegi zabalak behar ditugu une historiko honetan eta ez jarrera itxiak eta mamu-saltzaileak.

29 noviembre, 2007 09:05  
Blogger mendi dijo...

Ba, ondo pentsatuta, nire ustez denok jarri beharko genuke autoderminazionaren alde. Baina Esoporen azeria bezala... ¡verdeak daude!

29 noviembre, 2007 18:33  

Publicar un comentario

<< Home