Aurrekontuen izaera politikoaz, eta beste


Duela pare bat asteko kontu batekin -aurrekontuekin- nator. Gure neska legebiltzarkiderik estremistenen azken ateraldiak itzelak izan dira. PPko María San Gil harrituta dago, zeren bere ustez “EAEko aurrekontuak oso politikoak dira”. Eta EHAKko andrak ere antzeratsu: “Dena amarru hutsa da PSEren eta EAJren artean; kontsulta bera ere hitzartuta dute”. Nik uste politikan aritzeko seriotasun gehiago behar dela. Aurrekontuaren ezaugarririk nagusiena, betitik, bere izaera politikoa da; edozertan erabiltzen dela dirua, helburu politiko jakin batekin gastatuko da. Eta Nekane Erauskinek esan diguna? alegia, aurrekontuen inguruko hitzarmenak Ibarretxeren kontsulta ere lotu omen duela. Bejondeizula Nekane, hala balitz! Zure eta denon onerako.






Nik baino gehiago dakizun arren Nekane, jakizu, hala ere, ondo baino hobeto zainduko duela Lehendakariak bere proposamenaren muina, hori baita zuk salatu nahiko duzuna, berriro ere: dirua helburu duen PNVk berriro ere txakur txiki bigatik saihestu gura du euskal herritarron erabakitzeko eskubidea eta borondatea. Zein tristea den lelo hoberik ez aurkitzea PNVri aurre egiteko! Eginagatik ezagutuko dugu elkar; edo, hobeto esan, herriak bakoitza bere lekuan jarriko du, orain arte jarri izan duen moduan.

Bakoitzak bere historiatxoa dugu Nekane eta María, Erauskin eta San Gil, oso oraintsukoa oraindik. Duela hogetia hamar urtera arte Franco bizi izan zen, eta haren haritik AP sortu zen, eta gero PP, zuek Maria San Gil. Eta duela 47 urte ETA sortu zen, duela hiru egun bi agente erail dituen erakundea, eta haien haritik ezker abertzale ofizialtzat ezagutzen dena, zeinaren ildokoak zuek ere zareten Nekane. Bakoitzak bere historia du, bere iragana.

PNVri gehien egindako salaketa diruzalekeriarena da, diruak ez beste ezerk eragiten ez dionarena. Gurako nuke (barka biezadate goi-agintariek!) diruen gestioa zuen eskuetan izango bazenute EHAKkook. Gogoratzen al zara PSOEz Nekane? Gobernura iritsi 1982an eta lapurren hasi, bat izan ziren kronologikoki. Dena herriaren izenean. Ez dut esango zuek ere hala irudikatzen zaituztedanik. Ez da hori. Askoz ulergarriagoa da gertatzen dena: munduko alderdi guztiak saiatzen dira botereaz jabetzen, finean aurrekontuaz, horren gestioaz eta erabilera politikoaz.

Gurean oraindik ez dugu jorratu Memoria Historikoaren legerik. Nolako erredakzioa izango ote du Historia horretan ETAren jardunak? ETAren 1000 erailketek? Erreparatu Espainian gertatzen ari denari Frainkismoko kontuekin. Maria San Gilek azaldu du hori inork baino hobeto. Geroari buruz, zer esan?: “Hilgoraren ondotik hilbera".

Kontsultari beldurra akaso Nekane? Beldurra herriak adieraziko duenari? Horrenbestera ere iris gaitezke! Espainiarrei esan nahiko geniokeena da utz gaitzatela bakean geure bidea egiten; eta zuei esaten dizueguna da, emaiozue hitza herriari ETArekiko beren nahia adieraz dezan. Zalantza gutxi erantzunaz, ezta? Herria jakituna baita. Badaki zer gura duen. Falta zaion bakarra aukera da; aukera, bere asmoen berri kontsulta bidez emateko. Hori da Ibarretxek nahi duena, eta hori landuko dugu Erabakitzeko Eskubidearen alde gauden guztiok. Beteko dugu hitza!