Bruselako Cervantes Institutua


Norbaitek pentsa dezake idazpuru horrekin Cervantes Institutua astintzera gatozela, agian oraindik ere Jon Juaristi dugulako buruan. Ez ba, justu kontrakoa. Institutu espainiar hori erakunde bakarra da, Bruselan, euskara irakasteko ahaleginak egin eta taldea osatu duena. Hango euskal erakundeek, aitzik, ez-ikusiarena egiten dute euskara-talde horretako irakasle Elena Bidaurrazagak aditzera eman digun moduan. Elenak dioskunez "gure ikasleen artean alemanak, walloiak, flandiarrak, katalanak, frantsesak, andaluzak, grekoak ... ditugu". Europako giza-talde anitzaren euskarazko irakaslea izaki, Cervantes Institutuak izan duen jarrera txalotu eta EAEk Bruslean duen Ordezkaritzarena errefusatzen du Bidaurrazaga jeltzaleak.

Bruselan Euskal Etxerik ez sortu izanaren ondorioak txarrak baino txarragoak izan omen dira, besteak beste aukera eman dielako Jaurlaritzaren ordezkariei ezer gutxi egiteko euskal gaiaren inguruan "Zernolako kriterioak ditu Jaurlaritzak kanpo harremanetarako arduradunak izendatzeko (batez ere Europako kontuetan)? eta zernolako kriterioak ditu euskararen kanpo promozioa egiteko?". Ordezkaritzak ez du Web orririk, Bruselan ez da Euskal asterik antolatzen, (...). Agian errazagoa litzateke egindakoen zerrenda osatzea, egiten ez denena baino.

Gabon garaian deialdia egiten zaio jendeari Ordezkaritzara joan eta euskal giroan elkarreratu dadin. ¿Euskal giroan? Ez. Ordezkaritzako arduradunak argi utzi zion Elenari: "ekintza eta leku hau ez dira aproposenak mintza pratika egiteko". Zur eta lur gelditu zen Cervantes Institutuko euskara-irakasle jeltzalea, izan ere, "¿nola liteke Jaurlaritzaren eraikin bat ez izatea leku egokia euskara erabiltzeko eta mintza praktika egiteko?".

Norberak ezin sortu, eta kanpotik etorri behar laguntza eskaintzera euskarazko klaseak emateko. Nondik, eta Espainaitik. Hau komedia! Eskerrak ikasle flandiar, greziar, alemaniar eta gainerakoek baduten beste informazio-iturririk euskaraz, euskal gaiaz eta Euskal Herriaz jakiteko.

Arduraturik azaltzen da Elena: "Eta txarrena... nor izendatuko dute orain, JM Muñoa joaten zaigunean? Madrileko ordezkariarekin paregarria denen bat? ¡Ai ene!..."