Money money


Legebiltzarkideek egin duten soldata-iegoera beste baterako utziko dut. Gure andereñoak eta maisuak haserre dira. Hirurogei (60) eurok dute errua. Ez omen zaie normala iruditzen euretariko batzuk, tutore edo koordinatzaile direlako, gehiago kobratzea. Guztira ere lehenagoko 10.000 PTA baino ez dira edo, gure bada, hori guztia da. Gurasoengana, gugana, jotzen dute, gainera, gure errukiaren bila-edo. Ez dute errukia ulertzen, inolaz ere, Donostiako bikario Jose Antonio Pagolak ulertzen duen eran. Ez horixe. Kexu agertzen dira, Hezkuntza Saila goi mailako eta beheko andereñoak sortzen ari dela salatuz. Ez dira konturatzen guk, gurasook, ondo baino hobeto dakigula maila oso ezberdinetako andereñoak (eta maisuak) daudela; batzuk oso onak, eta beste batzuk ez horrenbeste. Gehienak, ahal dutena egiten dute, eta ez da gutxi eskolean gaur dagoen giroarekin. Alta, jakin beharko lukete ezen, gurasoen esku utziz gero soldataren zati bat (plusa bera), modu nahiko ezberdinean banatuko luketela.

Lehenengo eta behin, maisu maistrek eta gainerako funtzionario publikoek (hori ere esan behar da: funtzionarioek protestatzen dute, zelan ez!) ez dute plusik kobratu behar lana ondo egiteko. Obligaziokoa dute. Gurasook badugu horretaz zer esanik. Esaten jarrita, esango genuke batzuei minusa txertatu beharko litzaiekeela, ez baitute maila nahikorik ematen, ez baitute dagokiena ere egiten, ez baitute (....). Lepoa ere jokatuko nuke, asko jokatzea bada ere, justu horiexek direla protestetan buru direnak. Esaera antzinakoa da: emateko gutxi, eskatzeko asko.

Ez dakit auzoko eskoletan zein den egoera. Gurean, behintzat, eskola-orduetatik kanpoko ekintzarik gehienak gure esku daude, alegia, gurasoen elkartea arduratzen da. Ez direla arduratuko Gabonetako jaiaz? Andereñoen jarrera baino gehiago ematen du haurrena horrek. Konponduko gara, orain arte bezala. Ez dituztela eraman nahi txangoetara? Ez al dira eskola orduetan? Zenbat bider saiatu behar izan dute lan-orduz kanpo andereñoek? Gainera, seguru naiz gehientsuenek ez dutela eragozpenik jarriko euren eginkizunak normaltasunez eta orain arte bezala betetzeko.

Ez didate jaramonik egingo, baina nik, hala ere, neure proposamena egingo dut: utz dezatela gurasoen esku ia zein andereñok edo maisuk kobratzen duen plus hori. Ez zalantzarik egin, hartzen diren erabakiak nahiko zuzenak izango dira. Gurasoek ondo dakite nork merezi duen eta nork ez. Zer da ardi beltzek eta zuriek neurri berean kobratze hori? Bakoitzari berea (egindakoaren arabera dagokiona), Jainkooaren Legea.

Ez dela diruagatik diote. Gogora datorkit Unibertsitateko kontu hura. Arduradun unibertsitarioek, kontuak argitze aldera, duela bi urte grebara atera zirenengana jo dute, hain zuzen ere, egun hartako soldata kentzeko. Hori ezustekoa! Grebara % 80a atera omen zen. Zenbatek aitortu dute parte hartzea orain? Ehuneko hogeiak ere ez! Hori konpromisoa eta zintzotasuna Unibertsitatean. Horiek ere ez zuten, garai hartan, greba diruagatik egin. Badakizue zergatik: duintasunagatik. Osakidetzakoak bezala. Denok gara berdinak, lau hitz potoloren ostean arrazoi bakarra dugu, balio duen bakarra: money money.

2 Comentarios:

Blogger Txertudi dijo...

Negozio zaila hezkuntza, negozioa baldin bada.
Ez dut gogoan nork esaten zuen "hazkuntzan Cabo sartzen zara ta cabo jubilatu".
Balio egin behar da, hezkuntza munduan lan egiteko, baina bizitza kalitatea ez da txarra.
Agian "txeke eskolarra"k ere lagunduko luke hezkuntzako langileek konpromiso maila igotzeak eta ez "EUSKADI S.A."ren pentzura bizitzea

15 diciembre, 2007 19:34  
Blogger mendi dijo...

Ba parlamentarioak ere... naiko "dignifikatuak" egongo dira orain, inor ez duen ulertzen soldata igoerakin. "Manipulazioa" omen dago, baina kontuak atear ezkero eztakit, 10% edo gehiago irtetzen da.

Eta noski, nahiko "dignifikatuak" egoteko, bidai gastuak ere gure kontu.

Eta nola ez, denak ados hortan. Etzegon "no-nacionalista"rik txanponak kontatzekoan.

16 diciembre, 2007 19:51  

Publicar un comentario

<< Home