"Maite zaituztegu" (I)


Ez da asterik igaro ENAMen mundua astintzen duen notiziarik gabe. Orain badirudi ANVri egokitu zaiola txanda: legez kanpo jarri nahi dute. Beti berdin. Hala bada, hor zehar bota dute nork ordezka dezakeen: Zutik. Vocentoren zurrumurruak konfiantza gutxikokoak dira. Kasualitatez-edo egia balitz zaila egiten zait pentsatzea Jose Iriarte Bikilak ETAren jardun armatua besterik gabe onartuko duenik, ANVk egin duen moduan, nahiz eta barne zatiketaren ondoren bera (LKItik etorritakoa) barruan gelditu. Euren dekalogoa irakurtzea besterik ez dago. "Que ETA pare" diote. Ez dakit aldatuta dauden. Maite ditu Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitiak Portu eta Sarasola ETAkideak. Oso hurbilekoak maite izaten dira, norbere taldekotzat sentitzen direnak. Bazekien alkateak Madril atzetik zebilela, hauteskundeetarako azken argumentu bila. Hara hor non agertzen den "Maite zaituztegu" ozena, milaka pertsonak txalotua eta goratua. Pedraz epaileak hitza eta ohiua aintzat hartu dizkio.

Gai horretan murgiltzeko Nahiz ETA (...) post-ari oso modu itxurosoan (eskertzekoa da) egindako iruzkinei erantzungo diet hemen, batik bat torturari eta "ezker abertzalea"ri dagokienez. Zenbait kontzeptu argitu beharko genituzke ezer baino lehen. Anonimo modura izenpetzen duenarentzat ezker abertzalea bat eta bakarra da seguruenik. Niretzat ez. Nahiz ENAMeko bozero guztien azken-aldi honetako agerpenetan beti sartu Nabai PNVrekin batera. Aralar alderdiak —eta bai EAk ere— (…) euren burua ezker abertzalekotzat dute. Horregatik erabiltzen dut nik ENAM, zaila baita beste izen batez mundu hori izendatzea. Hor daude txertatuta Batasunaren ondorengo alderdiak, LAB sindikatua, Askatasuna, zenbait mugimendu (ikasleak, emakumeak, ….) baita ETA ere.

Herenegun Alicia Stürtzek idatzi zuen Garan artikulu bat, non honakoa adierazten baitzuen: “Y ello de cara, entre otras cosas, a bloquear el camino de Euskal Herria hacia su independencia y estructuración como estado, independencia y estructuración en cuya construcción progresiva está claro que sólo la izquierda abertzale tiene interés.

Borroka da bidea. La lucha es el camino y en ella todos cabemos porque la lucha tiene múltiples facetas y todos tenemos una función que cumplir, con imaginación, generosidad y compromiso... como durante estos últimos treinta años
.”

Azken paragrafo horretan daude sartuta denak: era guztietako borrokarako prest daudenak. Ez dut uste niri dei egiten didanik Stürtzek. Nire lekua lehentxeago dago marraztuta, izan ere, arerioen eta independentziaren kontrakoen artean PNV sartu baitu. Zelan ez! Adierazi du Stürtzek gatazkak erro politikoak dituela, eta negoziaziotik bakarrik etorriko dela konponbidea. Konforme, ez balitz geroz gehiago uste dudala ETA gatazkaren zati bate dela, eta ez irtenbiderako tresna. Hortaz, lan gehiago askatasun eta indenpendentziaren bidean.

Ezkutatu egiten du Stürtzek, ordea, analisirako elementu funtsezkoa: ENAMek uste duela ez dagoela konponbiderik eurek ez badaude. Eurek diñodanean, ETA barne dela esan gura dut. Ez da nik diñodalako. Barrenak adierazi zuen hori argi baino argiago, nahiz eta 2006ko martxora arteko negoziazio sekretuak eta hortik aurrerakoak eurek eta PSOEk bakarrik landu izan, beste inori deitu gabe. Zer esan gura du horrek?

ENAMen munduan konbentzimendu esplizitu bat dago: gatazka Euskal Herriak du Espainiarekin eta Frantziarekin, batik bat lehenengoarekin, baina gatazkaren oinarria —ezer baino lehen konpondu beharrekoa— ETAk eragindako gatazka biolentoa da. Hori gabe ez dago ezer. Hori ez da horrela besteontzat; alegia, gatazka ETAren aurretik dator, eta bere ondoren jarraituko du, lehenago konponbiderik ematen ez bazaio. Lehen lekzioa: irtenbide politikorako ETA ez da halabeharrezkoa, elementu bat gehiago baizik; beste arazo bat gehiago, behar bada. Besterik izango da soluzioren bat bilatu behar izatea bere inguruan sortutako egoerari: presoak, erbesteratuak, …. Eskertuko nuke hausnarketa hau serioan hartuko balitzait, eta ez une bateko erneguaren ondorio hutsez.