"Maite zaituztegu" (II)


Hor nonbait kokatu behar da ETAren azken elkarrizketa. Bere burua erakunde politiko modura errebindikatzen du, aspektu militarraren gainetik. ENAMeko abangoardia politikoa berriro ere bihurtu gura izateak esan gura du ildo politikoa berak markatzen duela, eta helburuak ere bai, horrek dakarren guztiarekin. Zer den hori? Talde militarra den neurrian, finkatzen dituen xede politikoek interbentzio militarra izan dezakete. Horrela jo daitezke astakirtentzat aipatutako elkarrizketan erantzun zuten ETAkideak, ohiko jomugez gain beste batzuk (AHT, lan-istripuak, …) azaltzeak esan gura baitu helburu horiek tiroak, bonbak, lehergailuak edo sabotajeak izan ditzaketela, nahiz AHT Gelditu! Elkarlaneko taldekide Mikel Alvarezentzat hori kriminalizazio-saio hutsa izan. Ez da txantxetako kontua.

ENAMentzat eurekin ez dagoen oro euren kontra dago, burgesak, espainolak eta salduak dira, dirua baino axola ez zaienak. Harritzen nauena da errazkeri eta azalpen arrunt horrekin mila lagun atzetik izateak. Aztertu eta aintzat hartu beharreko kontua hori, duda barik.

Konforme ez, eta astindu egiten dituzte Batzokiak, PSEren etxeak eta harrapatzen duten guztia, indarraren erakustaldi gisara-edo. Areago, ETAk erail egiten du. ETAk Barajaskoa erreibindikatu zuen: bi eraildako. Diotenez Portu eta Sarasola nahastuta daude ekintza abertzale horretan. Betiko leloa, betiko ekintzak eta betiko moduan. Hori bai, ekintza guzti horiek gatazkaren ondorio dira, sufrimendua partekatzearen maila bat. Hori justifikagarria ikusten dute. Berria egunkaria bera (Martxelo zuzendari duela) torturen aurka azaltzen da. Hala behar du. ETAren ekintzek, ostera, balorazio informatiboa baino ez dute merezi.

Ekidistantziari eusteak edo, areago, batzuk isildu eta besteak barreiatzeak bere ondorioak ditu, jarrera nahiko hipokrita baita. Torturen, ilegalizazioen eta antzekoen aurrean herriarengana jotzen du ENAMek, euren ingurukoak ez diren herritarrengana. Baina neke-neke eginda daude, aspertuta betiko historiarekin. Hori ikusten ez duena isolatuta bizi da, itsu-itsu. Herriak - herriaren gehiengoak- ez du erantzuten, lepoa ematen du, isildu egiten da, ez du bere iritzia agertu nahi torturen eta detentzio indiskriminatuen kontra. Badaki ETAk eragindako heriotza baten aurrean ENAM mutu geldituko dela. Hori da errealitatea. Lau mila lagun sartuko ditu ENAMek Anaitasunan eta zortzi mila eramango ditu Bilboko karriketara. Eta?

Horren ostean biktimismoa dator. Zenbat egur ematen dieten eta zein nazkanteak eta faxistak diren gainerako guztiak. Berdin dio. Jendeak lepoa emanez jarraitzen du. Beste bostehun espetxeratuko balituzte ere, Herriak -herriaren gehiengo erabatekoak- ez ikusiarena egingo luke. Ez al dute galdetzen zergatik? Ez al du merezi horrek azterketa serio eta sakona? Ez al dago ENAMen inor, esango duena borroka modu hau lur jota dagoela? Ez al zaio okurrituko horko norbaiti aditzera ematea agian kontrako bidetik dabiltzala? Behar bada ez dira BESTEAK beti oker dabiltzanak.

Besteok ere eskubidea dugu ideologiarako, taktikarako eta bide jakin bat hartzeko, ENAMen gustuko izan ez arren. Ni Estatu propioaren aldekoa naiz eta independentziaren aldeko jarrera erakutsi dut, ez baita posible abertzalea izan eta independentista ez izatea. Geroz gehiago gara horretan benetan sinesten dugunak. Galdera bat egingo nizueke: onartuko al zenukete gainerako alderdiek ENAM gabe aurrerapen serio bat egitea Madrileko ordezkariekin? Edo nahitaezkoa da ENAM egotea? Zein da gatazkaren oinarria? Euskal Herriak estatu frantsesarekin eta espainolarekin duena, edo ETA bera? Edo, askok dioten bezala, euskaldunen artekoa?

Badaezpada, hoberena aurre-juzkuak egitea da “beste erreforma estatutario bat prestatzen ari dira Madrilekin. Ez dugu onartuko”. Ba al dakizue zein den Ibarretxe Proposamenaren ibilbide orria? Irakurri al duzue Estatu Politiko Berria? Zenbatek irakurri dituzte ENAMen bata zein bestea? Oso, oso gutxik. Hala ere, ez dute balio; ez txarrak direlako, baizik eta ENAM aintzat hartu gabe egindako ezerk ez duelako balio. Estatutu Politiko Berriak Batasunaren hiru boto jaso zituen. Eta nago Batasunako ordezkariek Loiolan ia-ia onartu zutena ez dela iristen horren mailara.