Euskal Eliza katolikorik ba ote?


Eliza katolikoa gainbeheran da Euskal Herrian, Espainian eta mundu osoan. Jainkoak geroz gutxiago agintzen du gure bizian, eta Aita Santua nahiko figura anakronikotzat jotzen da mendebaldeko gizarte arrazional honetan. Nola sinetsi Benedikto XVI.ak ezin duela hutsik egin? Gizartearen atxikimendua bilakatzeko orain artean erabilitako argumentarioak eta jarduera ez omen zaizkie baliagarriak. Espainiako gotzainik gehientsuenen jarrerek eta, batik bat, Konferentzia Episkopalarenak ez naute harritzen. Normaltzat jotzen ditut. Eliza katolikoa aspaldi konturatu da etengabeko atzerakadan sartuta dagoela azken hamarkadetan. Konturatu da islamak aurrea hartu diola eta beste sineskera kristau batzuk indarra hartzen ari direla bere lepotik. Hortaz, (…)



(…) politikan ere gailentzen ari den joera batez baliatuz (zentroko epeltasunean ez dago bazkarik), muturreko mezua lantzeari ekin dio azken garai honetan. Alde horretatik tokian tokiko mezuak jaurtitzen dituzte komunikabide modernoen teknikak erabiliz. Nire zalantza eta kezka bestelakoak dira: Non da euskal eliza? Nola aurre egin Espainiako hierarkiak gugan sortzen duen suminari? Ni ez naiz espainola, eta euskal elizaren erantzuna behar dut, eta exijitu ere egiten dut.

Gotzainei, oro har, bada zer aurpegiratu. Bai horixe! Leloak direla ezin zaie leporatu, ordea. Kristautasunak orokorrean eta katolizismoak bereziki ez du bi mila urte iraun Erakundearentzat kaltegarriak diren neurriak hartzeagatik. Gizatasun eta zilegitasun eskaseko jokaera ugari izan ditu Elizak, zeintzuk ezin baitira lau paragrafotan aipatu. Ezin ukatu, baina, guztiaren gainetik bizi irauten asmatu duela. Une larriak bizi ditu. Hortik ulertzen da hitzezko bortizkeria. Nor jo eta nor defendatu ere ondo bereiztu ditu.

Konferentziak ondo baino hobeto daki Espainiako ezker-aldean ez duela uzta handirik. Ez du dudarik egiten Elizetara joaten diren hamar fededunetatik bederatzi eskuindarrak direla, Espainian PPri botoa ematen diotenak. Asko kostata, baina onartu du Estatu konfesionalaren garaiak pasa direla. Badaki zer esan, nor egurtu eta nor defendatu. Harritzen nauena da euskaldunok ere jarri gaituztela euren jo puntuan. Eta onartzen ez dudana da, fededun katolikoa naizen aldetik, gure gotzainek oraindik ere txitik ez esan izana.

Euskal Eliza katolikoak mezu propioa beharko luke Espainiakotik bereiztuta. Hainbeste erasoren aurrean ezin da isilik gelditu. Ez dakit homosexualitateari, abortuari, emakumeen errolari, heziketari eta kontu terrenalei buruz iritzi bera duten. Nire pentsaera, behintzat, zeharo urrun dago gotzain espainiarrengandik. Iruditu ere egiten zait euskaldunok fedea modu berezian ere bizi dugula. Hortaz, euskal gotzainen jarrerak eta erantzunak ere horren araberakoak beharko lukete izan.