"PNVren botere-goseak eta (...)"


Joxe Aranzabalek Jakinen (164. zenbakia) argitaratutako lanean adierazitako moduan irakurri dut goizeko ordu txikietan Sabin Intxaurraga eta Xabier Sarasua ezkerreko abertzaleek Garan idatzitako Estrategia bateratuaren beharra artikulua, non, Estatuak ENAMen inguruan sortutako estrategiak irmoki salatzeaz gain, ETArenak “ordea” eufemistiko batez pasatzen dituzten eta, zelan ez!, PNVrekiko erreferentzia nahitaezkoa ere badatorren: “PNVren botere-goseak eta urteetako egoera erosoak eta botere-ohiturek bestelako aliantzen aldeko estrategietara eraman dezakete, baldin eta helburu partidistak Euskal Herriaren bake eta normalizazioaren aurretik jartzen baditu”. Harritzekoa ez da PNVrekiko esandakoa, arrazoi zatiren bat ere izan baitezakete artikulu-egileek horretan. (....)



Harritzen nauena da hori dioenak, hori idazten duenak 25 urte daramatzala botereari josita, botere karguetan; horietatik asko, pila bat, PNVn edo PNVrekin batera. Sabin Intxaurragaz ari naiz, zeina Garaikotxearen idazkari pertsonal sartu baitzen Ajuria Enean, eta Lakuan jarraitzen baitu, gaur egun ere, aholkuloari modura, alegia, kargu politiko legez. Zer da hori Sabin, botere-gosea ez bada? Zelango egoera bizi izan duzue ¬eta bizi duzue oraindik¬ zuk eta EAk, erosoa ez bada? Zertan bereizten dira, Intxaurraga, EAren eta PNVren botere-ohiturak?


Guzti horren atzetik ¬edo aurretik, gure bada¬ logika bat dago: botere partidistaren logika, non, nola ez, zuek ere sartuta zaudeten. Kuestio estrategikoen gainetik gai partidistak daude, alegia, alderdi politikoen protagonismoari ¬batik bat aurten sor daitekeen aukerak ekar dezakeenari¬, alderdien nagusitasunari ¬gerora begira nor zer izango denari¬ eta, finean, zenbait alderdiren biziraupenari ¬ezker abertzaleko lau alderdiek bat (1) egin beharrari¬ dagozkionak.

Aurtengo urteak zer emango duen, hauteskundeen ondoren zer etorriko den, Ibarretxeren proposamena noraino iritsiko den, erabakitzeko eskubidea gauzatuko oten den (….) ikusteke dago. Are nor izango den hori posible egingo duena, edo nor bideak itxiko dituena. Urtebete barru jardunn dezakegu gai honetaz. Orain botatzen diren zenbait soflamak beste era bateko itxura dute. Laster izango du alderdi bakoitzak bere jardunaren argazkia, bere jarrerarren ordaina. Ordura arte ez da komeni lelokeri gehiegi esatea, ez bada, behintzat, hauteskunde dinamikak eragindakoak direla. Horrela balitz, artikulu horretan esandakoak ez luke ezertarako balioko.