Beti leku beretik


Soka beti apurtzen da leku beretik, ahulenetik. Gurean abertzaleon politika da horren ispilurik argiena: irmoki eutsi behar diogunean, orduantxe azaltzen da zirrikitu bat gure indarrak xurgatzen dituena. Tinkatzeko garaia zen hau, “hemen gaude, eta bertan jarraituko dugu” esatekoa. Baina sokaren gune ahularekin egin dugu topo berriro ere: “orain ez da garaia, orain helburua beste puntu baten jarri behar dugu; hobe da apurka apurka”. Etsigarria. Antzeko sentsazioa izan dut gaur, irakurri dudanean Europako zenbait buruzagik esan dutela orain ez dela garaia aldaketa klimatikoari gogor aurre egiteko. Arrazoia: egoera ekonomikoak ez du horretarako aukerarik eskaintzen. Oraingoan ere ez. Bien bitartean gizateriak leizerako bidea hartu du, Thin Gaur-ekoek gonbidatuta Bilbon Atapuercako zuzendariorde Carbonellek esan duen moduan: “En cien años podríamos perder a la mitad de la especie humana”. Argi dago une hau ere ez dela egokia eskubideez jarduteko, erabakiak hartzeko ahalmena gizakien eta herritarren eskuetan uzteko. Indartsuek eta diruak agintzen dute.